Dragoi Gimnasia taldea emaitza bikainak lortzen ari da azkenaldian, kirolariekin egiten ari diren lan onaren seinale. Horren errudunetako bat zalantzarik gabe Arantzazu Zubia da. Arrasatearrak berrogei urte egin ditu taldeko entrenatzaile gisa eta orain lan horiek uztea erabaki du. Dena dela ahal duenetan taldeari "laguntzen" arituko dela dio. Ikasturteko azken emanaldian omenaldi bat egin zioten urte guzti hauetan egindako lana aitortzeko.
Entrenatzaile arrasatearrak oso ondo gogoratzen ditu hastapenak, hamaika neskaz osatutako taldea izan baitzuen lehen urteetan bere esanetara. Zubiak dio lau hamarkada hauetan "asko" aldatu dela gimnasia egiteko modua, musika, jantziak eta ariketak "erabat ezberdinak" direlako egun. Gaur gaurkoz, Arrasateko Dragoi Gimnasia taldeak 150 ikasle ditu eta Arantzazu Zubiak argi du "esku onetan" uzten duela entrenatzaile kargua.