EAJk aparkaleku bat eta kirolerako gune berriak eraikitzea proposatu du Iturripen

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko uzt. 16a, 12:10

Jeltzaleen hitzetan, 2021-2022 artean eginiko prozesu parte-hartzaile batean herritarrek eginiko eskariak dira, eta euren proposamenean jasota daude. Udal Gobernuari "eskua luzatu" diote elkarrekin jarduteko.

Iturripeko kiroldegi berrirako oinarriak onartu zituen pasa den astean Udalak Tokiko Gobernu Batzordearen bitartez, eta, horrenbestez, definituta daude instalazioaren edukiak. Eraikin berri bat egitea gaur egungoa birgaitu eta berriarekin parekatuta, frontoi berriak egitea eta urbanizazio erabilgarri eta jasangarria egitea jaso beharko ditu proiektuaren idazketak, eta EAJk babesa agertu dio proiektuari; halere, proposamen "are anbiziotsuagoa" egin dute: "Bi solairuko lurpeko aparkaleku bat eraikitzea eta espazio erantsiak sortzea, hala nola padel pistak eta skate parke bat, egungo proiektuan jasota ez daudenak eta arrasatearrek eskatu zituztenak 2021ean Kirol Azpiegituren Planaren inguruan egindako parte-hartze prozesuan. Proiektu hau aurreko legealdian sortu zen, eta beharrezkotzat jotzen da udalerriarentzat".

Jeltzaleek azaldu dutenez, 2021 eta 2022 artean egin zen kirol instalazioei buruzko prozesu parte-hartzailea, eta 2023aren hasieran erreforma-aurreproiektu bat egin zuten ekarpenak gogoan izanda. Bada, orain, proposamena aurkeztu dute, hiru eremutan banatuta: frontoiei dagokienez, erdi itxi bat egitea dute proposamen, eta pilotaleku handiaren tamainari eustea; kanpoaldean, atletismorako eta patinajerako erabilera anitzeko pista bat, balio anitzeko bi kirol esparru eta skate parke bat eraikitzea proposatzen dute; azkenik, kiroldegian, zehaztutako lanez gain, bi padel pista gehigarri egitea da euren proposamena. Lehen bi guneak doakoak izatea aurreikusten dute eta azkenekoa, berriz, abonatu, elkarte eta ikastetxeentzat.

Lurpeko aparkalekua

Iturripeko eremuaren handitzeak "aparkalekuaren arazo izugarria areagotu" egingo duela uste dute jeltzaleek, eta, beraz, "ezinbestekotzat" jotzen dute lurpeko aparkaleku bat egitea. "Pabiloi berriaren azpian egitea proposatzen dugu. Helburua bizikletaren erabilera bultzatzea ere izango da, eta horretarako beharrezkoa izango da bizikleta eta patinentzako gune bat izatea, estalia eta segurua", azaldu du Ander Garayk, Arrasateko EAJko bozeramaileak. Haren hitzetan, gainera, prozesuak "etengabeko lankidetza" behar du izan: "Partaidetza prozesuan parte hartzen duten erabiltzaile, elkarte eta eskolekin mahai bat sortzea, eta mahai horretan proiektuaren jarraipena eta hobekuntzak aztertzea eta adostea, udaleko teknikari eta alderdi politiko guztiekin batera". Hala, nabarmendu du Udal Gobernuari "eskua luzatzen" diola "modu anbiziotsu, kolaboratzaile eta parte hartzailean lan egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak