Nazioarte mailako blues-a egongo da entzungai Arrasaten

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko uzt. 10a, 17:58

Seigarren urtez, Arrasate blues-aren erdigune izango da datorren hilaren 18tik 21era bitartean. Ibai-Arte herriko merkatarien elkarteak, Udalaren babesarekin antolatutako jaialdiak, hogei kontzertu izango ditu eta hamaika agertoki. Nabarmentzekoa, nazioarte mailan aritu diren hainbat talde izango direa, eta, Ina Forsman izango da kartel-burua. Honez gain euskaraz abestuko duten lau talde ere izango dira.

Ibai-Arte herriko merkatarien elkarteak, Udalaren babesarekin, seigarrenez antolatu dute Arrasate Blues jaialdia, hilaren 18tik 21era bitartean. Lau egun horietan, hogei emanaldi egongo dira hamaika agertokitan banatuta; iaztik bi leku batu dira, Arimazubi eta Musakola.

Hain zuzen, hori da aurtengo nobedadeetako bat, eta, era berean, mugarri izango da, izan ere, hilaren 20an musika Arrasateko txoko bakoitzera iristea erabakita, 19.00etatik aurrera lau kontzertu hartuko ditu jaialdiak ia aldi berean. "Gure ideia beti ahalik eta eszenatoki gehien edukitzea izan da, eta, aurtengoan, lau emanaldi aldi berean izanik, logistika lan handia eskatuko digu, baina prest gaude horretarako", adierazi dute Ibai-Arteko kideek. Ez da ordea aurtengo berrikuntza bakarra, izan ere, lehen aldiz aurkezpen ekitaldian, Ander Zubillaga tolosarraren kontzertua ere izan dute.

Berritasunez gain, izango dira iaztik errepikatuko dutenak ere. Aurreko edizioan ekimenak izan duen arrakastaren ondoren, Gasteizko Lazy Blues dantza taldea Arrasate Bluesera itzuliko da uztailaren 20an, larunbata, 11.00etan, Portaloian dantza ikastaro bat ematera. Honez gain, aurreko edizioko Jam Session-en arrakasta handiaren ondoren, Arrasate Bluesek topaketa inprobisatu samar horiek bultzatuko ditu aurten ere, non musikari gonbidatuen talentua nahastuko den kontzertu paregabe eta errepikaezinak sortuz.

Eta hori guztia gutxi balitz, etxeko txikienei zuzendutako sorpresa bat ere egongo da jaialdiaren azken egunean, hilaren 21ean, eguerdiko 12:30etan Herriko Plazan izango da hori.

Lehen mailako artistak

Arrasate Blues hartzen ari den dimentsioaren seinale da urtetik-urtera ikusten den karteldegia. Aurten ere nazioarte mailako zein Euskal Herri mailako Blues talde indartsuak izango dira herriko kaleetan zehar. Besteak beste, azpimarratzekoa da European Blues Challengean garaipen handiak lortu dituzten hiru talde Arrasaten izango direla: A Contra Blues, 2024ko irabazleak; Mingo Balaguer hirugarren, 2022ko edizioan; eta Ina Forsman, hirugarren, 2021eko aldian; azken hau gainera kartel-burua izango da.

Forsman gainera, bluesen indar handiz zapaltzen duten emakumeen belaunaldi baten lekuko da, eta, Ibai-Arteko kideentzat ere, oso garrantzitsua da emakumeen presentzia jaialdian. "Orain arte emakume asko izan dira, baina ahotsean. Aurten esaterako, Vulcanizadas taldea azpimarratuko nuke, sekulakoak dira, eta, eurez gain, emakumezko musikari oso onak izango ditugu aurten", dio Apraizek.

Euskararen aldeko apustua

Nazioarteko zein estatuko musikariak izateaz gain, jaialdiak tokiko talentuaren aldeko apustua egiten du urtero, eta, aurten, lau talde egongo dira euskaraz abestuko dutenak. "Bluesak bere jatorria ingeleseak baldin badu ere, guretzat euskara oso garrantzitsua da", azpimarratu dute Ibai-Arteko kideek.

Egiataraua

  • Uztailak 18, eguena:
    • 19:00 A Contra Blues (Herriko Plazan).
  • Uztailak 19, egubakoitza:
    • 19:00 Vulcanizadas (Euskal Herria plaza).
    • 19:30 Zerendepya (Zigarrola).
    • 19:30 Diablues eta Bluezifer (Arimazubi).
    • 20:00 Amain & AThe Wayward Sons (Otalora Lizentziaduna).
    • 22:30 The Allnighters (Ferrerias).
  • Uztailak 20, zapatua:
    • 13:00 The Half Nelsons (Arbolapeta).
    • 18:45 Mingo Balaguer & Pablo Sanpa Blue Blast (Portaloia).
    • 20:00 Olana Liss (Herriko Plaza).
    • 22:30 Ina Forsman (Herriko Plaza).
  • Uztailak 21
    • 13:00 Ibai Garcia Blues Project (Biteri Hiribidea).
    • 19:00 Arima Soul (Jokin Zaitegi plaza).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak