Piktogramen hizkuntza, inklusiorako tresna gisa

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko uzt. 10a, 15:03

Autismoaren Espektroko Nahasmendua gizarteratzea helburu duen MondraTEA taldea piktogramak jartzen ari da herriko hainbat establezimendutan, inklusioa ardatz hartuta; nabarmendu dute piktogramak "ezinbesteko tresnak" direla komunikatzeko.

Arrasateko hainbat amak sortutako taldea da MondraTEA, dagoeneko elkarte izateko prozesuan dagoena. Autismoari ikusgarritasuna emateko eta herritarrak kontzientziatzeko dihardute lanean, inklusioa lortzeko, eta, bide horretan, ekimen bat jarri dute martxan. Hala, herriko establezimenduetan piktogramak jartzen ari dira, establezimendu bakoitza zer den zehazten duena, irudi bidez. "Piktogramak ezinbesteko tresnak dira komunikatzeko, ez bakarrik autismoa dutenenentzat, herritar guztientzat baizik. Komunikazio bisuala da, unibertsala. Horiei esker, herritar guztiek ulertu dezakete adierazi gura dena, esaterako, komunikazio berbala ez dutenek edo atzerritik datozenek", dio taldeko kide Mireia Cabrerak.

Desiree Ots da beste taldekideetako bat eta hark abiatu zuen ekimena, horretarako beharra sumatuta; izan ere, autismoa dauka, baita haren semeak ere. "Nire semeari autismoa diagnostikatu ziotenean, niri ere diagnostikatu zidaten. Kalean begira jarrita, konturatu nintzen gune asko ez daudela egokituta guretzako. Beraz, Ibai-arterekin harremanetan jarri nintzen, haien establezimenduetan piktogramak jartzea eskatuz", azaldu du. Horren harira, hainbat establezimenduk egin dute bat ekimenarekin eta dagoeneko jarri dituzte piktogramak haien erakusleihoetan. "Halere, guk lanean jarraituko dugu, piktograma gehiago jartzen".

Haiei piktogramek asko laguntzen dietela nabarmendu du. "Askotan, denda bateko erakusleihoa ikusita, ez dakigu zer saltzen duten, margotuta dutelako edota arropak baino landare gehiago dituztelako. Gainera, establezimenduaren izenaren tipografia nahasgarria izaten da askotan eta, horregatik, piktograman izena ere jartzen dugu, ohiko tipografiarekin". 

Ahalik eta espazio gehienetan piktogramak jartzea da taldearen helburua eta Udal Gobernuarekin ere harremanetan jarrita daude, eraikin publikoetan ere piktogramak jar ditzaten; udaletxean bertan, kiroldegietan eta bibliotekan, esaterako.

Arizmendi Ikastolan ere bai

MondraTEAren ekimenez, Arizmendi Ikastolako umezaintza gunean hezkuntza inklusiboa eta irudi bidezkoa lantzen ari dira, eta Eskola Bisuala ziurtagiria jaso du horregatik. "Nire semeak autismoa dauka eta proiektuaren berri eman nion Arizmendiri, horren beharra ikusten nuelako. Ondo ikusi zuten proposamena eta ordutik gaia lantzen ari dira", azaldu du Mirian Hernandezek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak