Autismoa gizarteratzeko baliatuko dute MondraTEA Eguna

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mar. 21a, 19:45

Alejandra Merette, Mirian Hernandez eta Desiree Ots, MondraTEA taldeko kideak, egitaraua iragartzeko kartelarekin.

Autismoa gizarteratzea helburu duen MondraTEA Eguna egingo dute lehenengo aldiz zapatuan, Biteri plazan. Txatxilipurdik hainbat ekintza egingo ditu eta puzgarriak ere izango dira, Atracciones Sanzen eskutik. Herritar guztientzako ekimena izango da.

Autismoaren Espektroko Nahasmendua –gazteleraz, Trastorno del Espectro Autista (TEA)– ikusarazteko eta gizarteratzeko helburua duen festa egingo dute bihar, MondraTEA taldeak antolatuta. 2023ko urtarrilean sortu zuten MondraTEA taldea, Gautena Elkartean elkar ezagutu zuten hainbat kide elkartu ostean. "Han gure esperientziak partekatzen ditugun arren, erabaki genuen gaia sakonago landu behar genuela Debagoienean, eta ikusgarritasuna irabazi. Beraz, bailarako hainbat kide batu ginen; gehienak, arrasatearrak", azaldu du Mirian Hernandezek, taldeko kideak.

Hain zuzen, Autismoaren Espektroko Nahasmendua duten seme-alaben amak dira, eta bizi duten errealitatea gizarteratzea da taldearen helburua, inklusioa erdigunean jarrita. "Ea gauzak aldatzen hasten diren haien alde. Izan ere, edozer gauza lortzeko, borroka egin behar izaten dugu, ikastetxean edota herri mailako edozein festatan. Oro har, ez dituzte kontuan hartzen gure seme-alaben beharrak".

Nabarmendu du, halaber, instituzioen babes handiagoa behar dutela Autismoaren Espektroko Nahasmendua duten seme-alaben familiek. "Izan ere, familia askok ezin dituzte ordaindu terapiak, eta oso salduta geratzen dira, behar-beharrezkoa baitute haurrek terapia hori. Eta, egun, terapia guztiak pribatuak dira".

Helburu hori lortzeko bidean, hain zuzen, hainbat hitzaldi egin zituzten iaz, eta aurten MondraTEA Eguna egingo dute. Atracciones Sanz enpresako Juan Pablo Sanz izan zen egun hori sortu ahal izateko hazia erein zuena. "Ibai-arterekin ekimen bat egin zuten eta ni semearekin joan nintzen puzgarrietara. Hark autismoa duenez, asko kostatzen zaio ilaretan itxarotea, eta Juan Pablok esan zidan ez itxaroteko, zuzenean sartzeko puzgarrietara. Gero, berriz etorri zen nigana eta proposatu zidan autismoa ikusarazteko eta nire semearentzako dirua batzeko egun bat antolatzeko. Ondo pentsatu ostean, aurrera egitea erabaki nuen, baina, dirua nire semearendako bakarrik izan beharrean, MondraTEA taldera bideratzea egokiago ikusi nuen", azpimarratu du Hernandezek.

Tailerrak, puzgarriak eta beste

Esan moduan, Biteri plazan egingo dute festa bihar, Bizitzeko modu bat ikusarazten lelopean, eta guztiz irekia izango da herritar guztientzat. Batetik, 11:30etik 14:30era, Txatxilipurdik hainbat ekintza egingo ditu: klarionekin marrazkiak, kartoietan koadroak sortzeko tailerrak, muralak margotzeko saioak eta aurpegi margotzea.

Bestetik, Atracciones Sanzek puzgarriak jarriko ditu, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara. Sarrera ordaindu egin beharko da eta horietatik batutako dirua MondraTEA taldearentzako izango da. Aipatzekoa da, era berean, autismoa duten haurrek lehentasuna izango dutela puzgarrietan sartzeko.

Azkenik, MondraTEA taldeko kideek mahai informatiboak jarriko dituzte, autismoari buruzko informazioa emateko. "Eskumuturrekoak saltzeaz gain, herritarrei azaltzen saiatuko gara zer den autismoa eta gure seme-alabek nola bizi duten euren egunerokoa. Panfletoak ere banatuko ditugu". Horrekin batera, autismoa duten 17 urteko eta 25 urteko bi herritarrek euren esperientziaren berri emango dute. "Haien bizimodua nolakoa den kontatuko dute. Azken batean, haiek dira ondoen dakitenak, eta interesgarria da euren ahotik bizipenak entzutea".

Gaur egun, lau kide ditu MondraTEA taldeak, baina batzeko eta laguntzeko interesa duen edonorentzako ateak zabalik dituztela adierazi dute.

Ezberdin eragiten dio bakoitzari

Espektro autista edo Autismoaren Espektroko Nahasmendua giza burmuinaren garapenaren nahasmendua da, jarreran, komunikazioan eta harreman sozialetan eragiten duena. "Haien burmuinak ez du gureak bezala prozesatzen informazioa. Hala ere, modu desberdinean eragiten dio pertsona bakoitzari eta bakoitzak bere esperientzia du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak