Luxuzko asteburua izan zuten Debagoieneko rock zaleek Mondra&Roll jaialdiari esker. Bi egunez Debagoieneko, Euskal Herriko zein nazioarteko puntako taldeak izan ziren kontzertuak jotzen Monterrongo parkean, entzuleen gozamenerako. Besteak beste, Arene 6, Bad Nerves, Baboon Show, Cock Sparrer edo Shame 69 taldeak izan ziren oholtza gainean, eta jendeak ez zien hutsik egin. Euriak ere ez zituen zaletuak makurrarazi eta lepo bete zuten Monterron.
Antolatzaileak pozik agertu ziren zaletuen jarrerarekin, eta balorazio oso positiboa egin zuten. Joan den urtean baino jende gehiago elkartu zela ere aipatu dute. "Ondo joan da. Nahiz eta aurten eguraldi txarra egin duen, gehien bat ostiralean, ondo joan da. Zenbakiei dagokionez, pasa den urtean baino jende gehiago etorri da eta larunbatean ia sarrera guztiak saldu ziren. Giroari dagokionez, primerakoa izan da".
Debagoieneko taldeak
Debagoieneko lau taldek hartu dute parte jaialdian: Kontralde, Kaleko Urdangak, Brigade Loco eta Larru Beltzak. Esperientzia ikaragarria izan zen bertoko taldeentzat, Euskal Herriko zein nazoarteko talde esanguratsu askorekin jotzeko aukera eman zielako Mondra&Rollek. "Niretzat hemen jotzea Arrasateko eszenatokirik hoberenean jotzea da. Halako leku polit baten jotzea, bideoetan hainbestetan ikusi ditutan taldeekin batera, plazer hutsa da", adierazi du Manex Bakerok, Kontraldeko bateria joleak.
Ikuslego zabala
Jende ugari elkartu zen Monterrongo parkean. Gazte zein heldu nahasirik agertzen ziren euriak lokaztutako malden artean. Debagoieneko zein Euskal Herriko mugak ere gainditu zituen jaialdiak, eta Espainiar Estatu osotik heldutako pertsonak bertaratu ziren.
Erreportajea Goiena telebistan
Jaialdiaren nondik norakoak azaltzen dituen erreportajea estreinatuko da zapatuan, 22:0etan, Goiena telebistan. Ondoren, Goiena telebistaz gain, goiena.eus atarian ere nahieran ikusi ahalko da ikus-entzunezkoa. Protagonisten adierazpenak, jaialdiak utzitako momentu onenak eta ikusleen esanak jasoko dira ikus-entzunezko horretan.