San Juan jaiak bukatu arren, festak jarraitu egiten du Arrasaten; izan ere, gaur abiatuko da Udazabal programa, urtero bezala, Arrasate Musikal Big Band taldearen emanaldiarekin. Monterronen egingo dute kontzertua, 22:30ean hasita, eta, hortik aurrera, uztailean beste hainbat kontzertu, antzerki eta jaialdi egongo dira. Zigor Martinez Arrasate Musikal Big Band taldeko zuzendariak eramango du Udazabalgo aurreneko kontzertuaren batuta, eta zuzendariak dio eurentzat "oso berezia" izaten dela "urtero Udazabal programari hasiera ematea". Urteroko hitzordua izan arren, ez dituzte aurreko urteetako pieza berberak joko: "Abesti ezagunen bat egongo da, eta, beti bezala, estilo askotariko kantuak joko ditugu: funk, swing, rock, sanba eta saltsa estiloetakoak". Martinezek jakinarazi duenez, musikariekin batera, "abeslariak ere arituko dira" kontzertuan.
Hainbat musika jaialdi
Uztailean sartzearekin batera hasiko dira Monterrongo bi jaialdiak. Hilaren 4an, Egurhotza jaialdia egingo da, eta bertan izango dira bailarako urban musika estiloko artista nagusiak diren Etxepe, Mutiko Tatta eta Denso, beste hainbat artistarekin batera. Hurrengo bi egunetan, berriz, Mondra&Roll jaialdi han- diak hartuko du Monterron, eta bailarako hainbat talde igoko dira oholtzara: Larru Beltzak, Brigade Loco eta Kontralde. Bertakoen kantuez gain, nazioar- teko talde handien kontzertuez gozatzeko aukera ere izango dute bertaratuek; besteak beste, Cock Sparrer, The Baboon Show eta Sham 69 taldeen kontzertuak entzungo dituzte. Musika jaialdiak amaitzeko, uztailaren 18tik 21era egingo da Arrasate Blues, eta programa osatzen duten taldeetan badaude bailarako ordezkariak; besteak beste, Diablues eta Bluezifer, The Allnighters eta Arima Soul 1 taldeetan.
Jaialdiez gain, musika kontzertuek ere osatuko dute Udazabal: Femmm taldeak emango du kontzertua hilaren 12an; Ines Osinaga arrasatearrak diskoaren aurkezpena egingo du 27an; eta Udazabal itxiko du Herbehereetako Ad Hoc Vakantieorkest taldeak uztailaren 30ean.
Antzerkiak ere bai
Musika emanaldiez gain antzerkiak ere egongo direla aurreratu du Jon Garaik, Kultura teknikariak: "Musika emanaldiez gain, antzerkiak ere izango ditugu ikusgai uztaileko hainbat egunetan. Antzerkien artean ditugu Troia, hiru emakume protagonista dituena; Lanean jarraitu 75 urte arte, ikuspegi komikotik gai hori parodiatuko duena; eta Artilusio ikuskizuna, maskarekin eta kalean eginiko emanaldi berezia".