Arrasate Kirol Sariek badituzte kirolari onenaren izen eta abizen berriak. Ane Zabala mendi lasterkariak eskuratu du aurten garaikurra. Kulturolan egindako ekitaldian zirrara zen nagusi aurtengo saritua nor izango zen jakiteko. Guztira, bederatzi kirolari zeuden izendatuak, baina irabazlea bakarrak izan behar zuen. Hala, herritarrek Ane Zabala aukeratu dute aurtengo herriko kirolari onena, eta motiboak, behintzat, ez ditu faltan izan.
Zabala mendi lasterketetan aritzen da, eta hainbat lorpen izan ditu. Esate baterako, 101 kilometroko Hiru Handiak (Gorbeia, Anboto eta Aizkorri) lasterketa irabazi zuen iaz, 14.30.02ko denbora eginda; lorpen handia ezbairik gabe. Era berean, etxeko lasterketa –Arrasate-Udalatx– eta Ahuntzen lasterketa ere irabaziak ditu, baita behin baino gehiagotan santamas krosean garaipena lortu ere.
Sei botoren aldearekin
Zabala ez da izan, ordea, aurten lorpenak eta emaitza onak izan dituen bakarra. Lan bikaina egin duten beste zortzi kirolariren aurretik izan da hautatua, baina sei botoren aldearekin soilik. Guztira, 927 boto jaso dira, eta, 190 boto eskuratu ditu Ane Zabalak. Gertutik jarraitu dio Jokin Hurtadok, 184 botorekin, eta ez da urrun ibili, 170 botorekin, hirugarren sailkatua izan den Jare Urrutia ere.
'Joshe' Elortzari aitortza
Urtero bezala, Arrasateko Udalak aitortza egin dio herriko kirolean erreferente den edo izan de pertsona bati. Aurten Jose Ignazio Elorza Joshe izan da omendua. Arrasatek atletismoan izan duen sustatzaile nagusienetakoa izan da, eta hark egindako lana aitortzea erabaki du aurten Udalak. Garbiñe Heriz Velasco emazteak, Iker Elortza Heriz seme gazteak eta Izadi Elortza San Vicente ilobak jaso zuten oroigarria Maider Morras alkatearen eskutik.
Ointxe!, talderik onena herritarren ustez
Aurten berritasun moduan bi sari eman dituzte AKS sarietan. Kirolari onenaz gain, talderik onena ere saritu dute, eta Ointxe! saskibaloi taldeak jaso ditu boto gehien. Guztira, 923 boto jaso dira talde onena aukeratzeko, eta Ointxe!-koek 282 boto lortu dituzte; talde bozkatuena izan da. Denboraldi historikoa egin dute Iñaki Ogarak zuzendutakoek.
