Latinoamerikan, kaleko zaborra jaso, sailkatu, garbitu edo eraldatu -beharrezkoa den kasuetan- eta industriara saltzen duten pertsonek osatzen dute kale birziklatzaileen kolektiboa. Bazterkeria egoeran bizi izan diren pertsonak dira: kalea bizitoki izan dutenak edota gatazkatik ihes egindakoak; eta, gehienak, emakumezkoak.
Baina Kolonbiako kasuak badu berezitasunik. Izan ere, bertako gobernuak zabortegietako jarduerak debekatu izanaren ondorioz, horretan aritutako pertsonek euren aktibitatea babesteko eskatzeko bidea urratzeari ekin zioten eta, 2016an, Kolonbiako Gorte Konstituzionalak emandako ordena baten bitartez, ofizio bezala garatu eta babestea lortu zen, baita -soilik pertsona horientzat- kale birziklatzaileen figura errekonozitzea ere.
Erdialdeko Amerikan ez da lortu halakorik, zabortegietan jarraitzen dute lanean, baldintza jasangaitzetan, eta horietako hainbaten kontrola mafien eskuetan dago, gainera.
Mundukide eta Wiego
Kolonbiako prozesuaren hastapenetan batu zen Mundukide proiektura, elkarte nazionalari (ANR) eta, batez ere, hego-mendebaldekoari (ARSOC) laguntzeko: formakuntza ematen, autokudeaketa mekanismoak garatzen, erakundea indartzen eta pertsona bezala haztea ahalbidetuko dien aldaketa kulturalak txertatzen.
Sei urte igaro dira Mundukidek proiektua bultzatzeari ekin zionetik, eta hamasei daramatza Wiegok. Gobernuz kanpoko erakundea beste ekonomia eredu batzuk begiratzen ari da, baita gizarte ekonomiak edota ekonomia solidarioak lan ez-formaletik formalerako zubi moduan zergatik balio duten ulertzeko ariketa egiten ere. Lana antolatzeko beste modu bat errealitate egiteko.