LGTBI+ pertsonen bizi-baldintza duinak bermatzeko ekintza plana egingo du Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko eka. 13a, 14:32

Lehenengo aldia da eta, beraz, Arrasateko LGTBI+ pertsonen parte-hartzea eskatu dute, testigantzak jaso ahal izateko. Lehenik egingo duten diagnosia eta horretan oinarritutako ekintza plana urtebeteko epean diseinatzea aurreikusten dute.

Arrasateko Udalak gaur aurkeztu du Arrasateko LGTBI+ pertsonen bizi-baldintza duinak bermatzeko planaren diseinua. Aurkezpen horretan izan dira Maider Morras Azpiazu alkatea, Eva Abuin Bideburu Feminismoa eta LGTBI+ zinegotzia, Morbor taldeko kide Garazi Bedatse Barberan Garai eta Oihan Zubizarreta Iribecampos, eta diagnosia egiteko ardura izango duen Eihera kooperatibako kide Kattalin Miner Perez eta Iñigo Etxezarreta Toca.

Udal Gobernuak "apustu garbia" egin du hasieratik LGTBI+ politikak lehen lerrora ekartzeko, alkatearen esanetan, eta horren adierazle da sailari izendapen hori eman izana. "Baina, izendapenaz harago, edukiz betetzea dagokigu eta hori da gaur hemen aurkezten duguna, lanketa abiarazteko abiapuntua, hain zuzen".

Saileko arduradun Eva Abuinek, halaber, nabarmendu du Udalak LGTBI+ kolektiboarekiko daukan zor historikoa kitatzen hasteko lehen urratsa dela ekintza plana. "Horretarako baliabide tekniko eta ekonomikoak bideratu ditugu lan-ildo berria garatzeko, guztia mugimendu feministako eta LGTBI+ mugimenduko ordezkariekin adostuta".

LGTBI+ pertsonen parte-hartzea, "ezinbestekoa"

Eihera kooperatibak izango du diagnosia egiteko ardura eta kooperatibako ordezkariek prozesuaren berri eman dute. Hala, lehen urratsa diagnosia egitea izango dela azaldu dute, horretarako Arrasateko LGTBI+ pertsonen parte-hartzea "ezinbestekotzat" joz. Modu horretan, orain hasi eta otsailera arte iraungo du fase honek. "Udan parte-hartzaileen zerrenda bat egingo dugu, eta irailetik aurrera elkarrizketak egin eta datuak jasoko ditugu".

Hori horrela, otsail edo martxorako lehen ondorio batzuk izatea aurreikusten dute. "Dena ondo bidean, diagnositik eratorritako ekintza plana, urtebeteko epean izango dugu, 2025eko ekainean", azpimarratu dute.

Deialdi berezia 'sexiliatu'-entzat

Arrasatetik kanpo bizi diren arrasatear LGTBI+ pertsonei deialdi berezia egin diete. "Herrian bizi direnek parte hartzeaz gain, herritik kanpo bizitzera joan diren edo ziren guztiei ere deia egiten diegu parte hartzeko. Izan ere, LGTBI+ kolektiboan oso ohikoa den sexilioa ere aztertu gura dugu, identitate edo orientazio arrazoiengatik beste herri edo hiri batera erbesteratzea, hain zuzen. Beraz, pertsona horiei mezu hau helarazteko laguntza eskatu nahiko genioke herritarrei", adierazi dute Eiherako kideek.

Parte hartzeko, formulario bat

Lehen fasean, irailera bitartean, parte hartzeko prest dauden pertsonen datu-basea osatuko dute arduradunek, Morbor sexu askapen taldearen zein Mugimendu Feministaren parte-hartzearekin. Horrez gain, izena emateko formulario ireki bat egongo da kartelean dagoen QR-aren bitartez, edota lgtbi@eihera.eus helbidera idatziz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak