Hilaren 17an bete da urtea agintaldia martxan dela. Arrasateko jeltzaleak oso kritiko agertu dira Udal Gobernuak hamabi hilabeteotan egindako kudeaketarekin. Agerraldia egin dute gaur Ander Garay, Agurne Juldain eta Amaia Ceciaga jeltzaleek. "Administrazioaren paralisia eta erabaki esanguratsu eza" salatu dute, aurreko ekitaldiko soberakina ia 13 milioi eurokoa dela azpimarratuz. "Zifra horrek, kudeaketa onaren adierazle izatetik urrun, Udal Gobernuak komunitatearen beharretan behar bezala inbertitzeko duen gelditasuna eta ezintasuna islatzen ditu", esan du Garayk.
Aurreko Udal Gobernuaren proiektuak
Jeltzaleek azpimarratu dute egungo Udal Gobernua aurrekoarengandik jasotako proiektuak burutzera mugatu dela lehen urte honetan. Aipatu dituzte errugbi zelaiaren aldaketa, igerilekuko aldageletako zorua berritzea, desfibriladoreak instalatzea, Otalorako zebrabidea egitea edo hezkuntza-diagnostikoa burutzea.
Geldirik dauden proiektuen zerrenda ere eman dute jeltzaleek. Hala nola, Grupo San Juan-en berrurbanizazio, kirol azpiegituren mapa edo Gorostizako igogailu sistema.
Salatu dute, baita ere, tenperatura handiko egunotan ur-txorrotetako bi parkeak itxirik jarraitzen dutela eta Udala auzoan ez dagoela oraindik auzo-alkaterik.
Erantzukizunerako deia
"Arrasateko EAJtik uste dugu oraindik ere posible dela egoera iraultzea". Esan dute agintaldiak beste hiru urte dituela eta gaitasun ekonomikoa badagoela. "Egoera ekonomiko saneatua du Arrasateko Udalak". Horrekin batera, Garayk azaldu du elkarlanerako eta orain arte moduan proposamenak egiten jarraitzeko prest daudela jeltzaleak.
"Premiazkoa da Udala eta udalerria ekintza zehatz eta eraginkorrekin biziberritzea; herritarren zerbitzura dagoen politika, benetakoa eta eraginkorra. Kudeaketa proaktiboa eta konprometitua behar da arrasatearren ongizaterako eta funtsezkoa da eskura dauden baliabideak eraginkortasunez kudeatzea". Ander Garayk esan du "geldirik egoteak eta titular hutsak bilatzeak kudeaketa eraginkor eta konprometitua ekarri behar dutela. Promesak errealitate zehatz bihurtzeko unea da".