Badatoz Arrasate Kirol Sariak!

Mireia Bikuña 2024ko eka. 5a, 17:48

Arrasateko Udalak herriko kirolari eta kirol talde onenen lana aitortuko du ekainaren 20an, Seber Altuben (18:30). Udalaren aipamen berezia herriko atletismoak izan duen sustatzaileetako bat izan den Jose Ignazio Elorza Joshe-k jasoko du (2023ko abenduaren 15ean zendu zen). Bestalde, herritarrek aukeratu beharko dituzte kirolari eta kirol talde onenaren sariak, boto bidez, udalaren webgunean, ekainaren 6tik 16ra bitartean.

Bueltan datoz Arrasateko kirolari onenak eta kirol ibilbide aipagarrienak saritzea eta errekonozitzea helburu duten Arrasate Kirol Sariak (AKS). Azken hori, oraingoan, Jose Ignazio Elorza Joshe-k jasoko du. Arrasaten atletismoak izan duen sustatzaileetako bat izan zen Elorza. 1969tik egon zen atletismora lotuta: bai zuzendaritzan, idazkaritzak eta beste hainbat kargutan, eta 44 urtetan zehar Santamas kroseko antolaketa taldean egon zen.

Herriko atleta izan zen, luzera jauzian, jauzi hirukoitzean eta abiadurako lasterketan. Baita entrenatzaile eta zuzendari Juventud Deportiva Mondragon klubean. Gaur egungo Arrasate Atletiko Klubaren  sortzailea izan zen eta bertako eta bertako lehendakaria 1987 eta 1992 urteren artean. "Arrasateko herriari eta kirol hau praktikatu izan duten herritar edota atleta guztiei egindako ekarpena handia izan da, eta horren adibide herriko atleta
batzuek lortutako emaitzen isla, neurri handi batean berak transmititutako baloreengatik.
Beraz, guzti honengatik Joshe Elorzari eskaini nahi diogu errekonozimendu edota aitortza hau", esan du aurkezpen ekitaldian Arrasateko kirol zinegotzi Mikel San Miguelek.

Kirolari eta kirol talde onenak

Bestalde, herritarrak izango dira, boto bidez, kirolari eta kirol talde onenak aukeratuko dituztenak. Udalaren webgunean sartuta eman ahal izango da botoa, ekainaren 6tik 16ra. bitartean.

Jarraian dituzue hautagaiak, maila bakoitzean.

Kirolari onenaren sarirako hautagaiak

  • Ane Zabala. Lasterkari arrasatearrak 101 kilometroko Hiru Handiak (Gorbeia, Anboto eta Aizkorri) lasterketa irabazi zuen iaz (14.30.02) denbora eginda. Arrasate-Udalatx eta Ahuntzen lasterketa ere irabaziak ditu, eta baita, behin baino gehiagota, Santamas krosa.

  • Iñigo Alzola. Sasoi onean dago mendi lasterkari arrasatearra. Udaletxeko tontorrera igo eta jaisteko 39 minutu eta 24 segundo behar izan zituen Alzolak; 5,7 kilometro eta 910 metroko desnibela egiteko, hain zuzen ere. Otsailean, Antzuolako 8 Miliak lasterketa irabazi zuen eta, iaz, txapeldun izan zen Txindokiko kilometro bertikalean eta baita Anbotoko kilometro bertikalean erre.

  • Ander Murua. Urte bikaina egiten dabil pilotari arrasatearra. Goñi Memorialeko txapelduna izan da. Bergara Hiria torneoan txapela jantzi du bigarren urtez. Atzera begira jarrita, abenduan, Abanca-DV torneoan txapelduna izan zen eta Antton Pebet memorialean ere garaile.
  • Yaman Mjahed. Aurtengo martxoan, Madrilgo Vistalegren, 6.000 ikusleren aurrean errekuperatu du Yaman Mjahed Diamante-k  WOW-ko  lehenengo postua, 61 kilotan. Lesioaren ondoren galdutako koroa berreskuratu zuen orduan, baina duela hilabete, maiatzean, Arrasatekoak debuta egin zuen borrokalari profesional modura. Yaman-ek Warlen Lopez borrokalari brasildarra menderatu zuen Madrilen.
  • Unai Axpe. Plater tiroketako Espainiako Errege Kopan txapeldun izan da Axpe. Hain zuzen ere, foso olinpikoko modalitatean bigarren kategoriako txapeldun, Malagan, 126 plateretatik 116 botata. Horrez gain, txapeldun izan da plater tiraketako Euskadiko Txapelketan.
  • Maialen Gallardo. Iaz profesionaletan debuta egin eta gero, Aste Santuetan jokatutako Europako kickboxing txapelketan irabazlea izan da boxeolari arrasatearra. 48 kilotan Marine Bigey frantziarra hartu zuen mendean, hain zuzen, Europako txapelduna zena. Duela hiru urte inguru hasi zen arrasatearra kickboxing-a egiten eta Sergio Sanchez Dinamita du entrenatzaile.
  • Jare Urrutia. Izugarrizko bidea egiten ari da Desoreka taldeko kide den Urrutia. Iaz, besteak beste, Barbastroko eta Madrilgo Espainiako Kopan parte hartu eta gero, aurten, Iruñean jokatu den infantil eta kadete mailako Espainiako Txapelketan urrezko domina eskuratu du.
  • Jokin Hurtado. Desoreka taldeko kide da Hurtado ere. Iaz, Euskadiko selekzioak hautatua, Jare Urrutiarekin batera, Barbastroko eta Madrilgo Espainiako Kopan parte hartu zuen iaz. Aurten, Iruñean jokatu den infantil eta kadete mailako Espainiako Txapelketan urrezko domina eskuratu du Hurtadok ere.
  • Malen Ruiz de Azua. Espainiako Atletismo Txapelketa irabazi zuen
    otsailean, Galizian, 4,30 metroko saltoarekin. Hala, laugarrenez, Espainiako txapeldun bilakatu da. Pertika-jauziari dagokionez, estatu mailako izen handietako bat da Ruiz de Azua, modalitate honetan duen maila handia berretsi du-eta urrezko domina lortuta.

     

Kirol talde onenaren sarirako hautagaiak:

  • Saioa Karate Kluba. Iazko bide beretik jarraituta, parte hartu duten proba eta txapelketetan hainbat domina lortu dituzte azken hilabeteetan: Kyokushinen 43. nazioarteko txapelketan, sei sari garrantzitsu eta  Nazioarteko estiloetako IV. Espainiako Kopan, bost domina, besteak beste. Harrobiarekin lan handia egiten duen kluba da.
  • Dragoi Gimnasia Taldea. Turkian ospatutako Europako Txapelketan parte hartu dute taldeka, hirugarren postua eskuratu zuten gimnastek. Gainera, Dragoiko kide Uxue Azkuek eta Pablo Corresek, bikoteka egin zuten lehia munduko kopan, seigarren lekuan bukatuz.
  • Mondrate. Igoera fasea jokatzeko sailkatu, Aurrera taldearen kontra jokatu eta berdinketa egin zuen Mondratek. Ondorioz, liga txapelketa gasteiztarrek gorago bukatuta, kanporatuta geratu dira. Dena den, denboraldi oso erregularra egin dute eta emaitza ona izan da Hirugarren Mailako taldearentzako.
  • Arrasate Atletiko Taldea. Arrasateko eta bailarako erreferente da Arrasate Atletiko Taldea. Punta-puntan diharduten atletak talde honetan hasitakoak dira. Harrobiarekin lan handia egiten dute eta horren lekuko da, adibidez, Ane del Fresnok Gipuzkoako Txapelketa irabazi izana.
  • Ointxe!. Ointxe!-ko senior mailako neskek danbatekoa eman dute aurten. Liga txapelketa biribila egin ostean LF2ra igotzeko txartela ematen zuen lauko finala irabazi zuten. Hori gutxi balitz, Granadako igoeran nagusi izan ziren eta hurrengo denboraldian LF2 mailan jokatuko dute.
  • Mondra. Nagusitasun osoz irabazi du Mondrak Gorengo mailako liga txapelketa. Urte osoan bi partidu bakarrik galduta, zuzeneko igoera lortu zuten. Hala, iaz galdutako maila berreskuratu dute arrasatearrek eta, irailetik aurrera, Ohorezko Erregionalean jokatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak