Sanjuanetako egitaraua aurkeztu du Arrasateko Udalak gaur arratsaldean hainbat eragile sozial eta kulturalekin batera, haien parte hartzerik gabe "programazioa osatzea ezinezkoa" litzatekeela azpimarratuta. "Arrasateko Udalaren izenean, gure eskerrik beroenak sanjuanetako mahaiko parte diren eragile sozial eta kulturalei", adierazi du Andoni Arratibelek, Arrasateko Udaleko Kultura zinegotziak, eragile horietako batzuk ondoan zituela.
Ekainaren 22tik 26ra bitartean ospatuko dituzte, hain justu, San Juanak, baina ekainaren 14an ekingo diote egitarauari; are gehiago, 30era arte luzatuko da. 90 jarduera antolatu dituzte guztira, eta "denetarik" egiteko aukera egongo da: "Dantza, musika, janari dastaketak, jolasak... ohikoak bilakatu direnen artean, besteak beste, entzierroak, kantu afariak, Arrasate Musikaleko Musika Bandaren kontzertua, Zeuk Ein Zeuk Jan, gazte bazkaria, makalaren igoera, Eguzkilari edota 80 urtetik gorakoei omenaldia egitea".
Kontzertuei dagokienez, Udalak antolatutakoen artean Idoia Asurmendi, Esne Beltza eta Kiko Venenorenak egongo dira; txosnagunean, besteak beste, Tapia eta Leturia, Zea Mays, The Clayton, eta Dupla izango dira agertokira igoko direnetako batzuk.
Berrikuntzak
Ohiko ekintzez gain, ordea, berrikuntzak ere badirela nabarmendu du Arratibelek; esate baterako, ekainaren 22an egingo diren Gazte Olinpiadak. Horrez gain, Uarkapeko pilota partidua ere berreskuratuko dute: hain justu, ekainaren 21ean jokatuko da lau eta erdiko San Fermin Torneoaren final zortzirena. Azkenik, 12 eta 16 urte arteko gazteentzat bazkaria izango da ekainaren 25ean, Txatxilipurdiko hezitzaileekin batera haiek kozinatuta.
Barrakarik, gainera, ez da egongo aurten, baina haurren egitaraua osatzeko "esfortzu gehigarri bat" egin du Udalak, eta, beraz, Haurren Egunaz –ekainak 25– harago, beste zenbait ekintza antolatu ditu: "Ekainaren 23an eta 24an, goiz eta arratsaldez, puzgarriak izango dira Biteri plazan. Ekainaren 24an, gainera, eguraldi onarekin, uretakoak izango dira ur parke bat sortzeko", esan du Gladys Fernandezek, Arrasateko Udaleko Belaunaldiarteko zinegotziak. Ekainaren 25ean, berriz, "hamaika aukera" izango dituzte gaztetxoenek euren egunaz goza dezaten: esaterako, arratsaldean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izango da, Monterronen.
Hainbat izen-emate
Jaietako jarduera batzuetan parte hartzeko izena eman behar da Arrasateko Udalaren webgunean edo BAZ arreta zerbitzuan. 80 urtetik gorako pertsonen omenaldirako, esate baterako, ekainaren 14a baino lehen eman behar da izena; kantu afarian, berriz, 425 pertsonarentzako lekua egongo da, eta hilaren 5etik 12ra eman daiteke izena. Zeuk In Zeuk Jan-erako, azkenik, ekainaren 10etik 17ra dago izena emateko aukera; mila lagunentzako tokia dago.
Horrekin batera, hiru ekintza ikusi ahal izango dira balkoitik: ekainaren 15ean haurren danborrada eta ekainaren 23an, Errementari dantza eta nagusien danborrada. Horretarako, jakina, aurrez izena eman beharko da webgunean edo BAZen, ekainaren 10 arte. Parte hartzeko oinarrizko baldintzak dira: 16 urtetik gora izatea eta Arrasaten erroldatuta egotea. 16 urtetik beherako haurrek nagusi batek lagunduta joan beharko dute.
Zortzi eta hamar tokiko zozketak egingo dira ekintza bakoitzeko: haurren danborrada ikusteko, hamar tokiko bi (hogei lagun); Errementari dantza ikusteko, zortzi tokiko bi (hamasei lagun) eta nagusien danborrada ikusteko, zortzi tokiko bi (hamasei lagun).
Irabazleei jakinaraziko diete telefonoz, posta elektronikoz edo SMS bidez. Horiek, udaletxeko sarreran agertu beharko dira, NANarekin, egun eta ordu hauetan: haurren danborrada ikusteko, ekainaren 15an, 19:30ean; Errementari dantza ikusteko, ekainaren 23an, 22:00ean eta nagusien danborrada ikusteko, ekainaren 23an, 23:30ean.
284.149 euroko aurrekontua
Sanjuanetako ekintza hauek guztiak antolatzeko 284.149 euroko aurrekontua izan du Arrasateko Udalak; Arratibelen hitzetan, aurreko urtearekin alderatuz gero, 38.700 euro inguruko igoera izan du, egun bat gehitu baitiote egitarauari. Haren hitzetan, iazko urtearekin konparatuta, igoera "nabarmena" izan da azpiegituren alokatzean, "aurrekontua eta likidazioaren arteko ezberdintasuna 11.000 eurokoa izan baitzen" 2023an. "Beraz, aurten gastu erreala kontenplatzea aurreikusi dugu 20.000 eurorekin". Horrez gain, bestelako gehikuntzak ere izan dira, besteak beste, haur eta gaztetxoen egitarauan, 80 urtetik gorakoen omenaldian eta banatzen diren zapien kantitatean.
Egitaraua, egunez egun
Sanjuanak aitzakiatzat hartuz, ekainaren 14an ekingo diote egitarauari, eta 30era arte luzatuko dute. Egunez egun, 2024ko San Juanetako egitaraua:
Ekainak 14, egubakoitza.
- 18:00. Arrasate Musikaleko kurtso amaierako ikuskizuna, Amaia Antzokian.
- 20:00. Goikobaluren kontzertua, San Frantzisko elizan.
- 21:30. Kantu afaria Sei Pistols eta Trabuko Bat taldearekin, Herriko Plazan.
Ekainak 15, zapatua.
- 09:00. Hileko hirugarren zapatuko baserritarren azoka, Seber Altube plazan.
- 19:00. Haurren danborrada, Arrasate Musikaleko Musika Bandarekin, SUDCek antolatuta.
- 19:30. Idoia Asurmendiren kontzertua, Monterronen.
Ekainak 16, domeka. Haur Dantzari Eguna.
- 10:00. Kalejiraren aurretik elkartzea, Zaldibar pilotalekuan.
- 11:15. Dantza erakustaldiak, kaleetan zehar.
- 13:30. Haurren batzea, Herriko Plazan.
- 17:00. Dantza emanaldia, Herriko Plazan.
- 19:00. Nemux taldearekin diskofesta, Herriko Plazan.
Ekainak 18, martitzena.
- 18:30. Etxetxikien 100 urte - Casas baratas 1924-2024 liburuaren aurkezpena, Kulturateko areto nagusian.
Ekainak 21, egubakoitza.
- 19:00. Arrasate Musikalen Ballet taldearen ikasturte bukaerako ikuskizuna, Amaia Antzokian.
- 19:30. Dantzaldi erromeria ibiltaria EinGo taldearekin.
- 20:00. Lau eta erdiko San Fermin Torneoaren final zortzirenak, Uarkapen: Artola-Zubizarreta III eta Agirre-Albisu/Laso-Aranguren.
Ekainak 22, zapatua.
- 09:45. Gazte olinpiadei hasiera emateko dultzaineroen diana Monterronetik.
- 10:45. Gazte olinpiaden goizeko talde faseari hasiera herrikoia lau txokotan: Seber Altube, Jokin Zaitegi, Biteri eta Zaldibar.
- 12:00. Jaien inguruko tourra Anabel Ugalderen eskutik, txosna batzordeak antolatuta.
- 15:00. Gazte olinpiadetako bazkaria, Monterronen, Arrasate Rugby Taldearen eskutik.
- 17:00. Gazte olinpiaden final laurdenak, Zaldibarren eta Jokin Zaitegin.
- 18:00. Gazte olinpiaden final erdiak, Zaldibarren.
- 18:30. Txosnen irekiera.
- 19:15. Gazte olinpiaden finalerantz bidean kalejira, Zaldibarretik txosnagunera, Sakatu elektrotxarangarekin.
- 19:30. Gazte olinpiaden finala eta sari banaketa, txosnagunean.
- 20:30. Dragoi jana, Herriko Plazan.
- 22:30. Kontzertuak, txosnagunean: Eire, Tapia eta Leturia eta Dupla.
Ekainak 23, domeka. San Juan bezpera.
- 12:00. Txupinazoa eta txosnen irekiera, txosnagunean. Ondoren, trikipoteoa.
- 12:00-14:00. Puzgarriak ume eta gazteentzat, Biteri plazan.
- 14:00. Gazte bazkaria, Txosna Batzordeak antolatuta, Uarkape pilotalekuan.
- 16:00-19:00. Puzgarriak ume eta gazteentzat, Biteri plazan.
- 16:30. Etxafleroak, Herriko Plazan.
- 17:00. Txopopoteoa Izenbarikuak txarangarekin.
- 18:00. Makala jasotzea, Herriko Plazan.
- 18:00. Kalejira herrikoia txistulariekin.
- 18:30. Errekortadore eskola ibiltaria zezentxo eta poneyekin.
- 19:30. Salve solemnea, San Juan Bataiatzailearen parrokian.
- 21:00. Errementari dantza.
- 22:30. San Juan sua, Herriko Plazan.
- 23:15. Nagusien danborrada, SUDCek antolatuta, Biteri plazatik hasita.
- 00:00. Zutik erromeria taldea, txosnagunean.
Ekainak 24, astelehena. San Juan eguna.
- 08:00. Karropoteoa, Txosna Batzordeak antolatuta, txosnagunetik hasita.
- 08:30. Diana Arrasateko gaiteroekin.
- 09:00. Entzierroa.
- 11:00. Etxafleroak, Herriko Plazan.
- 11:00. Meza nagusia, San Juan Bataiatzailearen parrokian.
- 11:00. Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren kalejira.
- 11:00. Arrasate Musikaleko musika bandaren kalejira.
- 12:00-14:00. Puzgarriak ume eta gazteentzat, Biteri plazan.
- 12:15. Ohorezko aurreskua eta San Juan zortzikoa, Herriko Plazan.
- 12:30. Omenaldia 80 urtetik gorakoei, Etxaluzen.
- 13:00. Arrasate Musikaleko musika bandaren kontzertua, Monterronen.
- 16:00-19:00. Puzgarriak ume eta gazteentzat, Biteri plazan.
- 19:00. Ipuin kontalaria, txosnagunean.
- 19:30. Oihan Vegarekin diskofesta, Herriko Plazan.
- 19:30. Kalejira erdiguneko kaleetan Garin Band taldearekin.
- 20:00. Kontzertuak, txosnagunean: Aiert eta Zirrara.
- 23:00. Su artifizialak, Vulcano pirotekniaren eskutik, Santa Barbaratik.
- 23:15. Kontzertua, Monterronen: Esne Beltza.
- 23:15. Oihan Vegarekin diskofesta, Herriko Plazan.
Ekainak 25, martitzena. Haurren eta gaztetxoen festa eguna.
- 08:30. Diana Arrasateko gaiteroekin.
- 09:00. Entzierroa.
- 10:30-18:30. Gaztelaru eguna eta ekintzak 12-16 urte bitartekoentzako, Kulturate atzeko plazan.
- 11:00. Etxafleroak, Herriko Plazan.
- 11:00-14:00. Jolas parkeak, Seber Altube plazan eta Monterronen.
- 12:30. Eguzkilaruren ongi etorria eta Makala Txikiaren igoera, Seber Altube plazan.
- 12:30. Bertso jaialdia, AEDk antolatuta, Zaldibar pilotalekuan: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Aroa Arrizubieta eta Ane Zuazubiskar. Gai jartzaile, berriz, Olatz Zuazubiskar.
- 12:30. Arrasate trikitixa eskolarekin kalejira.
- 13:00. Txosna Batzordeak antolatuta pintxada kolektiboa, txosnagunean.
- 13:00. Kalejira txistulariekin.
- 13:30. Apar festa, Seber Altuben.
- 14:30. Zeuk Iñ Zeuk Jan kuadrillen arteko bazkaria, Portaloian.
- 14:30. Gaztelaru egunaren barruan, gazte bazkaria, Kulturate atzeko plazan. Ondoren, jolasak.
- 17:30. Karropoteoa, Txosna Batzordeak antolatuta, Portaloitik.
- 19:00. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ez gara jaitsiko ikuskizuna, Monterronen.
- 22:30. Oxabi erromeria taldea, Herriko Plazan.
- 23:00. Kontzertuak, txosnagunean: Zea Mays eta The Clayton.
Ekainak 26, eguaztena.
- 08:00. Txosna Batzordeak antolatuta, karropoteoa, txosnagunetik hasita.
- 08:30. Diana Arrasateko gaiteroekin.
- 09:00. Entzierroa.
- 11:00. Etxafleroak, Herriko Plazan.
- 11:00. Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsaren kalejira.
- 12:00. Eusko Labeleko produktuak dastatzea, Goikobalu abesbatzaren laguntzarekin, Herriko PLazan.
- 18:00. Ganso&Co taldearen Welcome ikuskizuna, Biteri plazan.
- 19:00. Lore Gazteak taldearen dantza emanaldia, Seber Altube plazan.
- 20:00. Kontzertua, Herriko Plazan: Kiko Veneno.
Ekainak 28, egubakoitza.
- 19:30. Arrasate Musikal Big Band-en kontzertua, Monterron parkean.
Ekainak 30, domeka.
- 09:30. VI. Arrasate Sustrails Enduro Txapelketa, Arruena parketik hasita.