Puzgarriak eta jolasak, barraken ordezko, sanjuanetan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko mai. 28a, 14:40

Haur batzuk jolasean, 2023ko sanjuanetan. Irudia: Goiena.

Barraken auzia "aspalditik" datorrela dio Udal Gobernuak, eta "konponbide bat" ematen saiatu direla. Aurten, "esfortzu gehigarria" egin du haurren programazioa indartzeko.

2024ko sanjuanetan, barrakeroen erabakiz, barrakarik ez dela egongo iragarri zuen pasa den egubakoitzean, hilaren 24an, Arrasateko Udalak, baina "haurrentzako jolasa eta entretenimendua bermatuko" zuela. Hala, eskaintzaren berri eman du, egitarau osoa ekaineko lehen astean jakinaraziko duen arren: "Barrakek uzten duten hutsunea ezin da haurren kalterako izan; horregatik, jaiek iraungo duten egunetan haurren jolaserako alternatibak jartzeko erabakia hartu genuen duela aste batzuk. Alternatiba horien artean daude puzgarri ezberdinak edota jolasak". Are gehiago, ohiko puzgarriez gain, eguraldi ona eginez gero, ur-puzgarriak ere jarriko ditu, eta, gainera, aukera guztiak izango dira doakoak.

Barraken arazoa, ordea, aspalditik datorrela ohartarazi du Udalak, eta azken urteetan barraken kopurua gutxitzen joan dela. "Barrakak jartzeko baldintzak berdinak dira Gabonetan, San Andresko jaietan, Musakolakotan eta baita sanjuanetan ere. Kontua da lehen hiruetan jende mugimendu handia dagoen bitartean, San Juan jaietan jende gutxi egon izan ohi dela". Udal Gobernuak azaldu duenez, horren arrazoiak "askotarikoak" izan daitezke, baina bat edo beste izan "eragin zuzena" du barraken "errentagarritasunean". "Barrakek ordaintzen duten tasa prezio sinbolikoa da, metro karratuko bost eta hamar euro artekoa".

Jabeekin hizketan

Eginiko urratsetan "aspaldiko arazo bati konponbidea ematen saiatu" direla adierazi du Udal Gobernuak, eta horretan jarraituko dutela datorren urtera begira. "Azken asteetan bi aldiz egon gara barraken jabeekin, eta behin sanjuanak pasatuta, bilera bat egiteko eskaera luzatuko diegula aurreratu diegu, haien beharrak identifikatuz eta soluzioak bilatuz". Era berean, erantsi du barraken auziarekin zerikusia duten eragile batzuekin bilduko direla gaia landu dezaten; adibidez, Gurasoen Asanbladarekin eta Haurren Kontseiluarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak