Ohi moduan, Arrasateko gazteen artean euskara sustatzea izango da Ttak Egunaren helburu nagusia. Eguna hasteko, hika eta noka ikastaroa zuten prestatuta, baina ez dute taldea osatzerik lortu eta, beraz, bertan behera geratu da. Edozelan ere, ikastaro hori gauzatu ahal izateko lanean jarraituko dutela adierazi dute Ttakeko kideek.
Bazkaria bai, hori egingo dute, 14:30ean gaztetxean elkartuta. Txartela AEDn eskuratu ahal izango da, bost eurotan. "Aukera beganoa ere egongo da, nahi duenarentzat, baina txartela erosterakoan adierazi egin beharko da", azaldu du Aines Gonzalezek, Ttakeko kideak.
Eguna borobiltzeko, kontzertuak egongo dira gaztetxean bertan, 22:30ean hasita. Sukena eta Azken sustraiak taldeak eta DJBD musikaria ariko dira oholtza gainean eta sarrera momentuan bertan erosi beharko da, bost eurotan.
AEDren gazte taldea da Ttak
AED elkartearen gazte taldea da Ttak eta helburu nagusia da Arrasateko gazteen artean euskara sustatzea eta euskaraz hitz egiteko espazioak sortzea. "Gurekin egon ohi dira DBHko laugarren mailatik Batxilergoko bigarren mailara arteko ikasleak. Egia da gero ere jarraitzeko aukera izaten dutela baina gehienek utzi egiten dute, unibertsitateko ikasketak hasten dituztelako", adierazi du Gorka Davila dinamizatzaileak.
Urte naturalarekin batera funtzionatzen dute. Hala, normalean, urtarrilean berritzen dute taldea, orduan sartzen dira kide berriak. "Hori bai, ekintzak irailetik ekainera bitartean egiten ditugu, ikasturtearekin batera".
Egiten dituzten ekintzen artean, Ttakeko kideak ikastetxez ikastetxe joan ohi dira, taldearen nondik norakoak azaltzera. "Horrez gain, hainbat kidek haien esperientziaren berri ematen diete ikasleei. Bisita horien helburua da kide berriak erakartzea", dio Davilak.
Hain zuzen, berriki taldera batu denetako bat da Gonzalez. "Gustatu zitzaigun taldeak egiten duen lana. Hala, kuadrillako batzuen artean berba egin eta taldera batzea erabaki genuen".
Bilerak, domeketan
Domeketan elkartzen dira, 17:30ean. "Zorionez, taldekide asko gara eta AEDren lokalean ez gara sartzen. Beraz, gazte txokoan egiten ditugu bilerak. Udalak horretarako utzi digu espazioa", azaldu du Davilak.