Batzar nagusia egin du Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mai. 17a, 16:00

Batzar nagusia egin zuen Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak eguaztenean. 2023ko kudeaketa eta urteko kontuak komentatu ostean, 2024ko Kudeaketa Plana aztertu eta onartu zuten.

Ohiko batzar nagusia egin zuen Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak, Garaian. Batzarraren hasieran, 2023ko ekitaldiko kudeaketa eta urteko kontuen balantzea aztertu zuten. Jarraian, 2024ko Kudeaketa Plana aztertzen hasi ziren. 2024ko Kudeaketa Planean jarduera multzo ezberdinak aztertu zituzten.

Zabalkundea eta dibulgazioa

Azaldutako lehen jarduera multzoa zabalkunde-dibulgazioaren multzoa izan zen. Honetan, Arizmendiarrietaren legatuaren Dibulgazio Plan bat diseinatzeko lanean ari direla azaldu zuten. Honen helburua legatu hori publiko desberdinetara bideratzea da. Honetan proiektu aipagarriena GOGOA proiektua da. ISEArekin eta Mondragon Unibertsitateko OPENKOOP Biblioteka Digitalarekin lankidetzan, Arizmendiarrietari buruzko liburu bat argitaratzeko asmoa dute, funts dokumentalaren sailkapen automatikorako tratamendu digital batetik abiatuta, Adimen Artifizial Sortzailearen bidez egina. Beste proiektu bat Enpresa Kooperatiboaren Eredua unibertsitateen bidez zabaltzea da. Aspaldi hasi zuten proiektu hau, eta 2024 honetan ere bide beretik jarraitu nahi dute.

Ikerketa eta sorkuntza

Bigarren jarduera multzoa ikerketa eta sorkuntzari dagokiona da. SUSPERTZEN Kooperatiba Sorkuntzako proiektua azpimarratu zuten hemen. Aspaldi abiatu zuten proiektua eta lehen ikerketaren ostean Ispilu kooperatiboa - Begirada kooperatiboa gizartearen etorkizuneko erronkei liburua argitaratu zuten. Bigarren ikerketa bat irekiko dute aurten AEB -Aukerak Egia Bihurtzen izena daramana. Hausnarketarako ildo berriak gehitu nahi dira, hala nola: ideologia inspiratzailea, 2040rako gizarte eredu posiblea, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboaren erantzuna, MONDRAGONen eta bere kooperatiben funtsezko rola aurkeztutako jokaleku berrietan etab.

Ikerketa eta sorkuntzan lan ildo berria ere jarriko dute abian, enpresa kooperatiboaren asmoaren ikerketan sakontzeko. XXI. mendeko erronka konplexuei aurre egiteko sormena eta ezagutza partekatuak bultzatzeko erakunde kooperatibo dual batean oinarrituta. Ekimen horren bidez, pertsonen ezagutza konplexua kudeatzen lagunduko duen metodologia landu nahi dute.

Lankidetzak

Bi jarduera multzoez gain, bestelako lankidetzak ere izan zituzten hizpide batzarrean. Nagusiena Mondragon Unibertsitatearekin duten lankidetza izan zen. Hemen bi alor ezberdin jorratzen dituzte. Alde batetik, LANKIn kooperatiben kudeaketan duten esperientzia pertsonalean oinarritutako testigantzak partekatzen dituzte master eta ikastaroetako ikasleekin. Gainera, Leinn-eko ikasleekin gradu amaierako lanetan kontrasteak egiten ibiltzen dira, baita beraien metodologian kooperatibek izan ditzaketen erronkak aztertzen.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin eta KONFECOOPekin ere lankidetza harremanak dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak