Lourdes Idoiaga: "Kooperatiben balioek dute garrantzia XXI. mendean"

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mai. 17a, 14:00

Lourdes Idoiaga, Arizmendiarrietaren Lagunen Elkartearen batzar nagusian.

Batzar nagusia egin zuen Arizmendiarrietaren Lagunen Elkarteak eguaztenean, eta bertan, 2024rako lan ildoak jorratu zituzten. Bertako presidente da, joan den urtea ezkero, Lourdes Idoiaga.

Garrantzitsua da zuentzat Arizmendiarrietaren legatua hedatzea?

Bai; gainera, askorako balio duela esango nuke. Ez diogu haren doktrina erlijiosoari erreparatzen, humanismo eta pentsamendu sozialari baizik. Enpresetan, gizartean, zabaldu behar dira balio horiek. Arrasateko esperientzia kooperatiboa mundu osoan da erreferente, eta haren legatua enpresa baten balioak, irakaskuntzarako balioak, balio humanista horretatik egitea da. Horretarako guztirako bere funts dokumentala dugu. Ez zuen libururik idatzi, baina 6.000 erreferentzia baino gehiago aztertu ditugu. Azterketa hau ez da apal baten geratzeko egin, erabiltzeko egin dugu. Gainera, adimen artifizialetik abiatuta, Arizmendiarrietak idatzi ez zuen liburu hori idatzi nahian gabiltza.

Eta egungo eredu kooperatibista?

Aspaldi konturatu ginen unibertsitateetan, curriculumean, ez dela Euskal Herri osoan hedatuta dagoen sistema kooperatibo honen inguruan ezer esaten. Horregatik, duela urte batzuk material bat sortu genuen, hitzaldi eta kurtsoak eman ahal izateko. Deustun, Mondragon Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan izan gara, kapitalean oinarritutako enpresek eta kooperatibok ditugun ezberdintasunak azaltzen. Gainera, geroz eta eskaera gehiago ditugu. Joan den urtean 50 ikastaro baino gehiago eman genituen, eta 966 ikaslek hartu zuten parte.

"Arrasateko esperientzia kooperatiboa mundu osoan da erreferente"

Ikerketa esparruan Suspertzen proiektuarekin zabiltzate.

Bere garaian landu genuen Suspertzen eta liburu bat argitaratu genuen, arrakasta handia izan zuena. Kooperatibetan zer dagoen aztertu genuen, etorkizunari begira. Ez zegoen gauzetako bat Mondragoneko esperientzian kooperatibek gizarteari egiten dioten ekarpena da; adibidez, bazterkeriaren aurka zer egiten duen. Betiere, datuetan oinarrituta. Orain, bigarren zatia garatuko dugu, Aukerak Egia Bihurtzen izana daramana. Arlo berri bat irekiko dugu, etorkizunera begira kooperatibek izango dituzten erronkak aurreikusi nahi dira. Ideologian berrikuntza bat eman nahi da.

Ikerketaren esparruan lan ildo berri bat ere garatu duzue, ezta?

Hastapenetan dago oraindik, baina, finean, enpresa ereduaren kudeaketa aldatu nahi da, kooperatibisten ezagutza konplexua; hau da, diziplinartekotasuna eta belaunaldiartekotasuna alineatu eta hortik sorkuntza partekatu bat bultzatzeko. Honen helburua langileentzat aberastasun orokor bat sortzea da, baina ez materiala, intelektuala baizik. Modu horretan, ezagutza konplexu horretatik abiatuta metodologia berri bat osatu nahi da. Gu baino aurreratuago dauden ereduetatik ikasi eta hauek gurera ekarri nahi ditugu.

Unibertsitateak lan esparru garrantzitsuak dira zuentzat?

Oso garrantzitsuak. Aurrez aipatutakoaz gain, Mondragon Unibertsitatean lan garrantzitsua egiten dugu. Guretzat ikerkuntza mundua oso garrantzitsua da, eta beraiek gure esperientzia eta ezagutza partekatu nahi dute, eta hor elkarlan sendoa dago. Hori LANKIrekin egiten dugu zuzenean. Beraien masterretan ikasleekin gure esperientzia erreala partekatzen dugu. Bestalde, LANKIren ikertzaileek mahai batzuk antolatzen dituzte, eta informatzaile kualifikatu moduan parte hartzeko eskatu izan digute. Azken eskaera Mondragonek eskatutako ikerketa soziologiko baten parte hartzea izan da, kooperatibek, lurraldean, kohesio sozialaren inguruan egiten duten lana ikertzeko. Leinneko ikasleekin ere ibili izan gara, beraien gradu amaierako lanetan kontrasteak egiten eta hauei laguntzen. Gainera, Leinnekoek beraien metodologian kooperatibek izan ditzaketen erronkak aztertzen dituzte, soluzioak bilatzeko. Hor ere parte hartzen dugu. Guretzako guzti hau elkartruke bat da, gazteekin egoteko aukera ona delako. 

"Kooperatibismoaren oinarri horiek gaurkotu eta esparru berrietara zabaldu behar ditugu"

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin ere lanean zabiltzate.

Asko estutu da gure harremana beraiekin. Datorren urtean Kooperatiben Goren Kontseiluak liburu bat atera nahi du Euskadiko kooperatibismoaren inguruan, eta gure elkarteari eskatu diote ardura hartzeko Arizmendiarrietari buruzko atala aurrera eramateko. Bestalde, beste gogoeta eta mahai batzuetan ere parte hartu dugu. Gainera, 2025a kooperatibismoaren nazioarteko urtea izango da eta horrako ere eskaerak konkretatzen gabiltza. Elkarlan hau oso garrantzitsua da guretzat, Kontseiluak duen influentzia kooperatibetara ekarri dezakegulako.

XXI. mendean badu zentzurik eredu kooperatibistak?

Bai, baina kooperatiben eredua oinarritzen den balio eta printzipioek dute garrantzirik handiena XXI. mendean. Ideologia humanista eta soziala da, hor ez dago doktrinarik. Orduan, kooperatibismoaren oinarri horiek gaurkotu eta esparru berrietara zabaldu behar ditugu. Zigor Ezpeletak atzo eman zuen ponentzian ere garbi ikusi zen eraldaketaren erronka dugula aurrean. Ponentzia horren sarreran Arizmendiarrietak berak esan zituen hitz zehatz hauek erabili nituen: "Mundua ez zaigu eman begiratzeko, eraldatzeko baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak