20 bat harategi eta 100 kilo tripaki inguru Gipuzkoako bigarren tripaki lehiaketarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko mai. 15a, 10:18

Iazko arrakastaren ostean, bueltan dator Gipuzkoako bigarren tripaki lehiaketa. Zapatuan izango da, maiatzak 18, Arrasateko Seber Altube plazan, 18:00etatik aurrera. Ekimena Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak antolatu du, Dendartean Gipuzkoako Merkataritza Bilkuraren eta Arrasateko Udalaren laguntzarekin. 

Hasi da momentuko Gipuzkoako tripaki errezetarik onena ezagutzeko atzera kontaketa, izan ere, II. Gipuzkoako Tripaki Lehiaketan izena eman duten harategietako batek lortuko du aipamen hori zapatuan, maiatzaren 18an. Hitzordua Arrasaten izango da, zehazki Sebero Altube plazan 18:00etatik aurrera.

Harategi irabazleak irabazlearen txapela eta garaikurra lortuko ditu; bigarren eta hirugarren geratzen direnek, berriz, dagokien garaikurra. Baina, guztiaren gainetik, Gipuzkoako tripaki onenak egitearen ohorea dago jokoan.

Lehiaketak luxuzko epaimahaia izango du. Besteak beste, Josema Azpeitia gastronomía-kritikoa, gastronomia sektorean daraman ibilbideagatik goraipatua, eta Mailu Odriozola, harakina eta Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteko ordezkaria.

Lehiaketarekin batera, Tripaki Dastaketa ere egingo da. Prezio egoki baten truk, lehiaketara aurkezturiko tripakiak dastatu ahal izango dira. Edaria erosteko aukera ere eskainiko da.

Ekimena Ederto-Harakel Gipuzkoako Harakinen Elkarteak bultzatu du, Arrasateko Udalaren eta Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Bilkuraren laguntzarekin. Hiru erakundeek komunikabideen aurrean aurkeztu dute kartela.

Aurreko urteko esperientziaren ostean, "festa polit bat" aurreikusten dute antolatzaileek: "Hain gurea den tripaki errezeta balioan jarriko dugu", azpimarratu dute antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak