HEMEN DEBAGOIENA

Arrautza jaurtiketa lehiaketa egin dute Mondragon Unibertsitatean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko maiatzaren 9a

Ikasleek hiru sari eskuratu ditzakete: arrautza ahalik eta urrunen jaurtitzea apurtu gabe, hegaldirik politena egitea edo diseinurik onena sortzea.

San Pankrazio eguna ospatzen dabiltza Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan, eta, hutsik egin gabe, arrautza jaurtiketa lehiaketa egin dute gaur goizean zehar. 60 ikaslek hartu dute parte, hogei taldetan banatuta, eta hiru kategoriatan lehiatu dute: hegaldirik luzeenari dagokionez, Unax Zangitu eta Jokin Madina ikasleek –Zlatan taldea– erdietsi dute garaipena; hegaldirik politena, berriz, Amaia Resanok, Ekaitz Alkantarak eta Aitor Inurritak –Fiat taldea– lortu dute; eta azkenik, Ainhoa Alonsorentzat izan da diseinurik onenaren saria, Quetzal proiektuarekin.

2024ko arrautza jaurtiketa lehiaketako irabazleak.

25 urte bete dituen lehiaketa

Urtero antolatu ohi den ekimen bat da, eta bi helburu ditu: batetik, "parte-hartzaileen ahalmen zientifiko-teknikoak" ebaluatzea eta, bestetik, "ikasleen artean motibazioa sustatzea". Horretarako, ikasleek oilo arrautza ertain bat –egosi gabekoa–, koloretako kartoi mehea –200 gramo–, soka –fardel haria– eta ukipen-kola erabilita, arrautza jaurtitzeko tramankulu bat sortu behar dute, jaurtitzean arrautza apur ez dadin; azken batean, hori da lehiaketaren funtsa. Hala, unibertsitateko liburutegiko eraikinetik, 15 metroko garaieratik, bota dute tramankulua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak