Kulturaten egindako ekitaldi baten bidez aurkeztu dute Katearen Loturak elkartea, Debagoienean patologia duala sufritzen duten pertsonen familiek eta lagunek osatutako elkartea. 2019an sortu zuten elkartea, baina hasiera batean, Arrasaten drogomenpekotasuna duten pertsonei laguntzeko funtzioa zuen. Hala ere, drogomenpekotasunaren munduan sartzen zihoazen heinean, Debagoienean patologia duala sufritzen zuten pertsona ugari zeudela identifikatu zuten, eta beraien jarduna horrantz bideratzea erabaki zuten.
Patologia duala, pertsona berak menpekotasun-nahaste bat eta gaixotasun mental bat izatea da. Elkarteko kideek diotenaren arabera, ikerketa zientifikoek menpekotasuna, substantziei lotuta egon ala ez, buruko nahaste bat gehiago dela frogatzen dute. Gainera, menpekotasunak eta gaixotasun mentalak elkar eragiten dute, eta ezin da jakin bietako zein hasten den lehenago. "Ez dakigu zer doan lehenengo, pertsona batzuk porro bat erretzean brote psikotiko bat izan dezakete eta beste batzuk eskizofrenia izanda substantziak artzen hasten dira, alkohola adibidez." dio Gabriela Michel Zugazabeitia elkarteko kideak.
Ekitaldian Javier Ogando Rodriguez psikiatra erretiratua eta Lourdes Fernandez Manzano abokatua eta familia-bitartekaria izan ziren. Ogandok, 1977an Aita Mennin bere ibilbidea hasi zuenetik gaur egunera arte gaixotasun mentalak eta menpekotasunak artatzeko moduak izan duen garapena azaldu du, egun dauden hutsune eta arazoak agerian utziz. Fernandezek, berriz, gaizki artatu izanaren eraginez, patologia duala sufritzen duten pertsona askok kartzelan edota bestelako zigorrekin amaitzen dutela adierazi du, bere ustez aterabide egokiena ez dela azpimarratuz. Topaketa errestarauratiboak proposatu ditu honek aterabide gisara.
Instituzioetan eragina
Elkartea orain aurkeztu arren, 2019tik hona jardun mamitsua izan dute. Espainiar Estatuko hainbat elkarterekin egin dute harremana, elkarte guztiak norabide berean joan behar direla sinesten dutelako. Bestalde, politika instituzionalean ere izan dute eragina. Gipuzkoako Batzar Nagusiek patologia duala sufritzen duten pertsonak artatzeko zentro bat irekitzea adostu zuten; EH Bildu, Elkarrekin Gipuzkoa eta Alderdi Popularraren aldeko botoekin. Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eta Osakidetzari helarazi diote erabakia.
Hala ere, patologia duala artatzeko zentro bat egotea aurrerapauso garrantzitsutzat duten arren, oraindik ere egiteko hainbat lan dagoela adierazi zuten elkarteko kideek. Lan horien artean nagusia gizartearen sentsibilizazioa da, patologia duala, zein beste edozein nahaste, duten pertsonen gaineko estigmak kentzea eta bereziki familiei pisua arintzea. "Profesional askok gurasoei egozten diete seme-alaben egoeraren errua. Kide bat, adibidez, depresioan erori da errudun sentitzen delako eta laguntzen gabiltza depresiotik atera dadin. 15 egunean behin psikiatra eta gizarte hezitzaile batekin elkartzen gara familia ezberdinak, ahaldundu eta estigma gainetik kendu ahal izateko. Hau gaixotasun bat da, inori ez zitzaion bururatuko diabetesa duen pertsona bati bere egoeraren errua inori botatzea" dio Regina Heriz Fundazuri, elkarteko ordezkariak.