Bertako produktuen azokan askotariko produktuekin osatutako sei postuez gain, beste bederatzi salmahai jarriko dituzte Eskuartean Artisauen Kolektiboko kideek. Gehienak Arrasateko artisauak badira ere, Bergarako Wood Uhuru denda ere han izango da. Ion Valle eta Aratz Lopez de Aretxaga aita-semeek lehen aldiz jarriko dute postua Bergaratik kanpo eta eurek ekoizten dituzten produktuak jarriko dituzte salgai.
Ion Vallek adierazi du eurak egindako sukaldeko oholak eramango dituztela Arrasateko azokara, denak eskuz egindakoak. "Oso garrantzitsuak dira horrelako egunak. Ez da bakarrik saltzea, azkenean, beste artisauekin harremanetan jartzea beti da onuragarria guretzat eta gure proiektuarentzat. Ilusioarekin hartuko dugu eta gure gogo guztiak jarriko ditugu goiza ondo pasatu eta asko ikasteko saltzeaz gain", dio Aratz Lopez de Aretxagak.
Ardo Eguna
Alabaina, ez da bihar goizean, Arrasaten egingo den ekintza bakarra izango. Ibai-artek lehendabizikoz antolatu du Ardo Eguna eta horren baitan dastatze erraldoia egingo dute Herriko plazan 11:30ean. 100 lagunendako egitea aurreikusi dute. Jon Andoni Rementeria eta Maider Larrañagak –Arrasateko Arteaga jatetxea– gidatuko dute saioa.
Helburu dute Euskal Herriko ardo bereziak aurkeztea eta ezagutaraztea herritarren aurrean. Larrañagak herritarrak animatu ditu zapatuko dastaketan parte hartzera: "Ez da azterketa bat, ez dastaketa profesionala. Guk puntu batzuk emango ditugu. Ikasteko bai, baina giro politean".
Dastatzearekin batera, ardo eta pintxo bereziekin egindako poteoa egongo da, Iamai, Nahi, Irati, Kajoi, Itzala, Buenuena eta Ezkiña tabernetan.