Osasun zerbitzuetan eta arretan EAJk Debagoienean dituen "puntako apustuak" nabarmendu eta arlo honetan ematen ari diren "urratsen" berri eman dute Maria Eugenia Arrizabalaga eta Aitor Urrutia hautagaiek, EAJren Eusko Legebiltzarrerako Debagoieneko hautagaitzako kideekin batera gaur, Debagoieneko ospitalean, Arrasaten.
Arrizabalaga: "Osakidetzaren inguruan botatzen dituztenak gezurra dira"
Arrizabalagak EAJk Osakidetzan beti sinetsi duela ziurtatu du: "Herritarrengan sinesten dugulako eta gure helburua delako ahalik eta zerbitzu publiko onena eskaintzea, herritarrak gero eta hobeto bizi daitezen". Hautagaiak adierazi du ibilbide-orria "garbia" dela: "Zerbitzuak berrantolatzea, herritar guztiek pertsonengan zentratutako osasun-arreta kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa izan dezaten eta, aurrerantzean ere, zailtasunak zailtasun, EAJren zeregina arazoen aurrean konponbideak bilatzea izango da, orain arte egin dugun moduan".
Horren harira, Arrizabalagak EH Bilduren jarrera salatu du: "EAJ ordezkatu eta eraisteko, eta hegemonia politikoa lortzeko egin duen estrategia elektoralista, itogarria eta gezur nabarmenez betea". Hautagai jeltzaleak datu batzuk eman ditu; esan du, besteak beste, osasun-sisteman egiten den inbertsio mailak gora egin duela etengabe: "Aurten ia 4.900 milioi eurora iritsi da, duela 4 urte baino 1.000 milioi gehiago eta erkidegoko biztanle bakoitzeko 2.229 euro. 4.900 milioi horietatik, % 65, hau da, 2.564 milioi langileentzako dira. Gogora ekarri du, halaber, pandemia hasi zenetik % 10 igo dela profesionalen kopurua, eta, une honetan, 32.500 langile daudela egiturazko plantillan".
Hori dela-eta, esan du EH Bilduren adierazpenak gezurra direla: "Osakidetzaren balizko desegite, gainbehera edo pribatizazioaren inguruan behin eta berriro botatzen dituztenak gezurra dira, eta euskal osasun sistemak zutik jarraitzen du".
Urrutia: "EAJk hitza betetzen du"
Bestalde, Aitor Urrutia hautagai eskoriatzarrak Debagoienerako aurreikusita dituzten inbertsioen berri eman du. Arrasaten, eguneko ospitale mediko-kirurgikoa, medikuntza fisikoko eta errehabilitazioko eremua, endoskopia-unitatea, larrialdi-zerbitzua eta erresonantzia magnetiko nuklearreko zerbitzua hartuko dituen eraikin berria eraikitzen hasiko dira datozen hilabeteetan: "Guk berme osoz esan dezakegu EAJk hitza betetzen duela, datozen hilabeteetan eraikitzen hasiko baitira 29 milioi euroko aurrekontua duen eraikin hau".
Bergarako osasun zentroa hobetzeko egingo diren lanen adibidea da bestea. Urrutiak aurreratu duenez, lizitazio fasean aurkitzen da jada obra: "Honi esker, anbulatorioan kontsultetarako espazio handiagoa lortuko da, eraikin osoaren birgaitze integral batekin eta zerbitzuen zerrenda handitzeko aukera ekarriko duena. Bergaran 25 familia-mediku izatetik 42 izatera pasako gara zentro horretan eta arreta espezializatua handitu egingo da".
Azkenik Aretxabaletako lanak aipatu ditu Urrutiak: "Ia bukatzear daude zentro soziosanitarioaren egokitzapen lanak. 3,10 milioi euroko inbertsioa du obrak eta etorkizuneko arreta ereduaren erreferentziazko guneetako bat izango omen da Aretxabaletakoa lurralde mailan, pertsona erdigunean jarriko duena eta eraikuntza bakar batean topatuko ditu bere beharretarako erantzunak, bai osasun arloan baita gizarte arretan ere bai".