Ekitaldian zehar hitza hartu zuten Arrasateko alkate Maider Morrasek, eta Gipuzkoako hautagai Nerea Kortajarena eta Arkaitz Rodriguezek. Morrasek bere hitzartzean nabarmendu zuen EH Bilduren proiektuaren atzean jende konprometitua ikusten duela eta uste du Arrasaten aldaketa behar zen modura, Gipuzkoa, Bizkaian eta Araban aldaketa sentitzen dela: "Herri honi esker eta herri honetan gertatutakoa errepikatu behar da. Guk aldaketa baten beharra eskatzen genuen eta uste dut EHko hiru herrialde hauetan ere aldaketa beharrezkoa dela, aldaketa sentitzen dela eta ilusio berezia dabilela".
Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarrerako EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak azaldu zuen lorpena dela gobernatu dezakeen indar bezala EH Bildu ikustea herritarrek politika egiteko beste modu batzuk daudela erakutsi duelako alderdiak. Konpromisoa hartu du herritarren eta profesionalen eskaerekin bat egiten duen zerbitzu publikoa izateko, eta nabarmendu zuen A21etik aurrera "ezer ez dela berdina" izango: "Hemen Arrasaten eta bailara osoan ezagutzen duzue gure egiteko modua eta zerbitzu publikoak ulertzeko gure modua. Uste dut badugula asko ikasteko eta zuek markatutako bidetik jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu Legebiltzarrean irekiko den bidean eta herritarren jartzen gaituzten bide horretan".
EH Bildu gauzak aldatzera datorrela azpimarratu du Rodriguezek eta aldaketa behar dela, haren esanetan, besteak beste, arazoak pilatzen ari direlako, eta egungo gobernu koalizioa agortuta dagoelako. Bere esanetan, bi aukera daude, "betikoei botoa eman betikoekin elkar daitezen, edo EH Bilduk proposatzen duen aldaketari bide eman".