Iazko eguraldi makurrak ez zuen baimendu korrikalariak errekorretatik gertu ibiltzea, baina domekarako bestelako iragarpenak daude, eta Mondraitz kirol klubeko lagunek garbi dute irteera puntuan batuko diren faboritoek eskura izan dezaketela 2022an Gontzal Murgoitiok (1.47.22) eta Onditz Iturbek (2.07.32) ezarri zituzten errekorrak ontzea. "Horretarako bi gauza behar dira, ibilbidea bikain egotea eta, noski, puntako lasterkariak izatea. Eta domekan biak izango ditu. Ainara Urrutia da emakumezkoetan faborito nagusia; joan den astean Kilimon Trail irabazi zuen, sasoian egongo da. Eta gizonezkoetan Ibai Larrea ere oso maila oneko korrikalaria da", adierazi dio GOIENAri aurten lasterketa antolatzaile gisa biziko duen Iñigo Alzolak.
Mondraitzekoek martitzenean aurkeztu zuten lasterketa, eta bi lagun horiez gain beste izen batzuk ere nabarmendu zituzten: "Garazi Abasolo, Ane Zabala eta Iera Urretagoiena garaipeneko lehian ibiliko direla espero da. Gizonezkoen artean, berriz, aurreko urteko txapeldun den Mikel Zabalegi, Aitor Ajuria, Walter Becerra eta Asier Azkarate ere hor ibiliko dira".
Udalarako zirkulazioa itxita; autobusa egongo da doan
Aurtengo beste nobedadeetako bat izango da Udalaren ekimenez autobus zerbitzua egongo dela Udalara igo eta handik jaisteko. "Udala auzoko parkinga autoz betetzen da eta segurtasun aldetik ez da batere egokia, besteak beste, larrialdi zerbitzuetara begira. Horregatik, domeka goizean Udalara ezingo da autoz joan, zirkulazioa itxita egongo da –salbuespenak egongo dira–, baina autobus zerbitzua egongo da, doan. Dena dela, jendea animatzen dugu ibilbideko edozein puntutara oinez joatera, eguraldi ona egingo du eta". Hala, Arrasate pasealekuko autobus geltokitik irtenda –Arimazubi plaza alboan– bi autobus ibiliko dira etengabeko joan-etorrian, 08:00etatik 14:00era.