Bat beharrean bi argazki aukeratu ditu atzo, astelehena, zendu zen Ardanzarekin bizi izandakoak gogora ekartzeko egindako ‘Hala dio argazkiak’ podcast-eko kapitulu berrian. “1981eko abenduaren 1ekoa da lehenengoa, Iokin Zaitegi biografiaren aurkezpenari dagokiona. Liburuak sinatzen ari naizen bitartean, Ardanza alkateak bere sinadura eskatzen ari zaio Jesus Mari Leizaola Lehendakari zaharrari. Eskuineko behe aldean, bizkarra emanez, Euskaltzaindiko idazkari Juan San Martin dago”, azaldu du Velez de Mendizabalek.
Zaharragoa, 1979ko abenduaren 6an ateratakoa da bigarrena. “Sebero Altube liburua Udaletxeko pleno aretoan aurkeztu genuen egunekoa da hori. Juan Antonio Garmendia, Jose Antonio Arana-Martija eta Patxi Altuna euskaltzainak, Ardanza alkatea, Aita Luis Villasante euskaltzainburua, Arantza Akizu Kultura zinegotzia eta ni gaude bertan”.
Argazki horietatik abiatuta, askotariko bitxikeriak kontatu ditu Arrasateko historiazaleak, bere bizipenetan oinarrituta, oraingoan.