Herriko elkarte gastronomikoek –SUDC elkartea, alegia– antolatuta, doke txapelketa jokatu dute gaur goizean Monteazpin. 10:00etan ireki da izen-ematea, eta 25 elkarte gastronomikotatik zortzik hartu dute parte: Santa Marina, Leze Txiki, Alkartu, Amaika Gazte, Ziar-ola, San Isidro, Torrepe eta Udalpe. "Guk espero baino elkarte gutxiagok hartu dute parte aurten; penagarria da 25etik zortzi etortzea", adierazi du Juan Luis Arkauz SUCDeko lehendakariak; hala ere, aldi berean, erantsi du "pozgarria" dela txapelketak 41. aldia izatea: "Horrela jarraituko dugu. Ea noiz heltzen garen mende erdira; orduan uste dute elkarte denak etorriko direla txapelketara".
Elkarte bakoitzeko bikote banak hartu du parte txapelketan, beste elkarte batekoen aurka eginda. Txaparekin aiztoa kolpatzea izan dute xede, hori baita jokoaren helburu nagusienetako bat; hala ezean, parte-hartzaileak txapa aiztora ahalik eta gehien gerturatzen saiatu dira, puntu gehiago eskuratu ahal izateko eta 50era ahalik eta azkarren iristeko. Hala, Santa Marina, Leze Txiki, Alkartu eta Ziar-ola iritsi dira finalerdietara eta Alkartu eta Ziar-ola, berriz, finalera. Azkenean, Ziar-olak eskuratu du txapela.
Berdela eta ardoa, Udalaren kontu
Txapelketa, ordea, ez da finalarekin amaitzen, tradizioa baita txapelketa irabazi dutenek azken partida bat jokatzea Udalaren aurka; era horretan, hamaiketakoa –gaurkoan, 30 kilo berdel eta ardoa– nork ordaindu erabakitzen dute. Gladys Fernandez eta Andoni Arratibel zinegotziak izan dira udaleko ordezkariak, baina ezin izan dute partida irabazi, Ziar-ol dea elkarteko kideen esperientziak ez baitie horretarako bide utzi.