Xabier Perez de Arenaza gogoan, heriotzaren 40. urteurrenean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mar. 23a, 20:49

Gaur, martxoak 23, 40 urte bete dira GALek Xabier Perez de Arenaza arrasatearra Miarritzen tiroz hil zuenetik, eta urteurrenaren harira Egiari GALde dinamikak hura oroitzeko ekitaldia antolatu du arratsaldean Kulturateko Klaustroan.

Kulturateko Klaustroa bete egin da memoria ekitaldian eta senide eta herritarrez gain, Arrasateko Udaleko Bizikidetza Batzordeko kide diren alderdi guztietako ordezkariak ere bertan izan ziren. Bideoak eta Eñaut Zubizarreta txeloarekin egindako emanaldiak eman diote hasiera omenaldiari, eta ondoren, garai hartan Perez de Arenazarekin Iparraldera joan zen eta haren "lagun mina" zen Josu Arkauzek hartu du hitza. Gogora ekarri du 70eko hamarkadan ezagutu zutela elkar eta biek alde egin behar izan zutela iparraldera; lagunaren heriotzaren berri nola izan zuen ere kontatu du, baita sentitutako mina ere.

Eneko Barberena idazleak testua errezitatu ostean, Yolanda Perez de Arenazak, arrebak, hitz egin du mikrofonoaren aurrean. Neba-arreba zaharrenak erreferente izateaz –Xabier Perez de Arenaza zen hamaika neba-arrebetatik zaharrena– edota haurtzaroko kontuez hitz egin du arrebak, eta hitzartzearen amaiera aprobetxatu du eskerrak emateko 40 urte hauetan "keinuren bat edo beste" egin dieten guztiei: "40 urte hauetan keinu bat edo beste egin diguzue bera oroituz. Urtean behin gutxienez esango nuke. Bihotz-bihotzez eskertzen dizuet egindako keinua. Bihotz-bihotzez eskertzen dizuet bera oroitzeko egiten ari garen omenaldi hau. Izan ere, gaur hemen denok elkarrekin gaudela eta gutako bakoitzak berarekin ditugun bizipenak barruan daramatzagula, askoz handiago egiten dugu Xabier. Gora zuek".

Biktima guztien aitortza

Ekitaldia amaitzeko, Ekiñe Casadok Zapalduen olerkia interpretatu ostean, Sortuko kide Amaia Etxabek hartu du hitza eta nabarmendu du GALek eraildakoen memoria gogoratzeak lehen mailako betebeharra izaten jarraitzen duela: "Aurten 40 urte bete dira GAL taldeak bere ibilbide bortitza abiatu zuenetik, eta bada garaia Egiari Galde diezaiogun, ezinbestean Herri Memoria gal ez dadin". Gaurkoan ere estatu espainiarrari eskatu dio "euren biolentziaren ondoriozko biktima guztiak aitortzeko" urrats handia izango litzatekeelako "bakea eta elkarbizitza eraikitzen lagundu ahal izateko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak