Lanbide Heziketa ezagutzera emateko eta lan merkaturako balizko aukera bezala aurkeztea du xedeetako bat Goiaz azokak. "Helburua da, azken finean, Lanbide Heziketaren eskaintza plazaratzea, bere alderdi positiboak, eta apur bat ikastetxeei ere plaza ematea haien gauzak ekar eta erakutsi diezaieten ikasleei, langabeei eta, orokorrean, herritarrei", azaldu du Amaia Irizar Mankomunitateko enplegu teknikariak.
Aretxabaleta Lanbide Eskola, Arizmendi Ikastola, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa Oñati Gestio Heziketa, Oñati BHI, Mariaren Lagundia Ikastola eta Miguel Altuna Lanbide Heziketa izan dira azokan parte hartzen, bestelako erakunde batzuekin batera, eta ikasleekin zuzeneko hartu-emana izan dutela adierazi dute, haien eskaintzen berri emateko. Are gehiago, erantsi dute azokak baliagarri zaizkiela etorkizunean ikasle izango dituzten herritarrak gerturatzeko, erakusleiho ere badirela nabarmenduta.