Arrasateko alkate ohi Maria Ubarretxenak egin ditu agerraldi politikoaren aurkezpen lanak eta ondoren hitza hartu dute Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagai Bakartxo Tejeriak, EAJko lehendakarigai Imanol Pradalesek eta Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek.
Pradalesek herritarrei ohartarazi nahi izan die ereduez hitz egin nahi ez dutenen kontra, eta esan du hiritargoari azaldu egin behar zaiola proposamenak eta zerbitzu publikoak nola ordainduko diren: "Oso erreza da esatea administrazioaren errekurtsoak amaigabeak direla eta denetarako dagoela, baina, diru publiko hori nondik aterako dugu?, erronda hau nork ordainduko du, eta nola?. Adi egon gaitezen, erronda hau denon artean ordaindu beharko dugulako. Ereduei buruz hitz egin nahi ez dutenek eskua diru zorroan sartu nahi diote herrialde honetako klase ertainari, beren saltokietako, tabernetako eta tailerretako pertsiana egunero altxatzen dutenei, soldata normala duten eta hilero malabarismoak egin behar dituzten familia gazte horiei, Euskadiko gurditik tira egiten dutenei... ".
Ekitaldiaren aurretik, Debagoieneko eta Debabarrenako EAJko ordezkariek barne-bilera bat egin dute Pradalesekin Danok-Bat elkartean eta ondoren mitin politikora joan dira elkarrekin. Pradalesek apirilaren 21ean botoa ematearen garrantzia nabarmendu du bere interbentzioaren hasieran: "Hilabete barru izango ditugu hauteskundeak Euskadin. Bost aste eskas herri hau nork gobernatuko duen eta zer nolako etorkizuna nahi dugun erabakitzeko, eta benetan ardura duten gauzen inguruan erabakitzeko: etxebizitza-politika, pertsona nagusi eta zaurgarrien zaintza, osasuna, hezkuntza, segurtasuna… Horretan guztian ereduak daude. Batzuek ez dute ereduaz hitz egin nahi, ezta proposamenak kontrastatu ere. Ez dakit zer ezkutatu nahi duten".