Alokairuen egoera salatu dute IMMEko kideek

Gontzal Belategi Zubia 2024ko mar. 15a, 14:57

Alokairuen egoera salatu dute Arrasateko IMME elkarteko kideek. Martxoaren 5eko osoko bilkuran mozioa aurkeztu zuten; 10 abstentzio, 7 baiezko eta 2 ezezkorekin onartu zena. Bi eskari egin zizkieten Udaleko kideei: Alokairuen gaia jorratuko duen bulego bat sortzea eta babestutako etxebizitza berriak egitea.

Alokairuen egoera jasanezina dela salatu zuten emakume musulmanak euskal gizartean integratzeko helburua duen IMME elkarteak. Gizartearen zati handi batek alokairuetarako sarbiderik ez duela salatu zuten, eta honen aurrean neurriak hartzeko eskatu zioten Udal gobernu taldeari. Taldekideek azaldu dutenez, jakitun dira etxebizitzaren gaia jaurlaritzak eramaten duela, baina Udalari ahal duen heinean esku hartzeko eskatu zioten, bi eskari nagusirekin: Alokairuen gaia jorratuko duen bitartekaritza bulego bat eta babestutako etxebizitza berriak egitea.

Bulegoaren sorrera da elkartearen eskakizun nagusia. Badakite bulegoak ez duela alokairu bat izatea ziurtatuko, baina bitartekaritza zerbitzu bat eskaintzeko aukera eskainiko luke. Modu horretan, alokairu bat eskuratu nahi duten pertsonen arazoen zati handi bat konponduko litzateke elkarteko kideen ustez, alokabiderekin harremanetan jartzeko hainbat arazo daudela adierazi dute eta. Bulegoak, gobernu erakundeekin bitartekaritza bat ezartzeaz gain, etxe-agentziekin ere harremanetan jartzeko balioko luke. Abokatuen bidez kexak bidaltzera ere iritsi dira elkarteko kideak, baina ez dute alokabideren erantzunik jaso inoiz. Badira antzerako elkartean Euskal Herriko beste zenbait herritan, adibidez, Zarautzen, Azpeitin eta Bilbon.

Elkartearen beste eskakizuna babestutako etxebizitza berriak sortzea da, Udalak San Andresen duen lur eremu batean. Modu horretan, etxebizitzaren eskaria jaitsiko zen, etxebizitza baterako sarbidea erraztuz.

IMMEko kideek, alokairuen auzia Arrasateko bizilagun guztiek duten arazo bat dela azpimarratu dute. Garbi utzi izan nahi dute normalean etorkinekin lan egiten duten arren, kexak hainbat lekutatik iritsi zaizkiela, bereziki gazte eta ikasleen artetik. Bizilagunen kexak azaleratzeko tresna bezala deskribatu dute IMME, jendarte zabala batzen duena, jatorria kontuan hartu gabe.

Mozioa osoko bilkuran

Martxoaren 5eko osoko bilkuran aurkeztu zituzten beraien proposamenak IMMEko kideek, mozio baten bidez. Mozioak aurrera egin zuen 10 abstentzio, 7 baiezko eta 2 ezezkorekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak