Ainhoa Arregi Gaztañaga: "Korrikak magia berezia izaten du gauez pasatzen denean"

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mar. 19a, 09:00

Ainhoa Arregi, Korrikaren Debagoieneko koordinatzailea. Argazkia: Iñigo Barrena

Korrikaren lekukoa Debagoienera iristeko gutxi falta da, eta "lanez lepo" daudela aitortu du Arregik, baina ziur dago "festa handia" izango dela datozen egunetan.

Egun, ordu eta minutu gutxi falta dira falta Korrikak Debagoiena zeharka dezan, eta azken txanpa honetan AEK-ko langileak eta herrietako batzordeak buru-belarri ari dira lanean, lekukoa ibarrera iristen denean festa borobila izan dadin. GOIENA Ainhoa Arregi Gaztañaga (Arrasate, 1976) Korrikaren Debagoieneko koordinatzailearekin izan da, azken orduko egoera nolakoa den jakiteko eta herrietako kaleetan zehar eragingo duenaren berri izateko.

Nolakoak izaten ari dira azken egun hauek? Nabari al dira urduritasunak?

Nerbioak izateko astirik ere ez dugu, lanez gainezka gaude azken egun hauetan, eta horrek ez digu uzten lan egiten nahiko genukeen lasaitasunarekin, ez guri, ez lekukoa hartuko dutenei ere. Batzuk beste batzuk baino gehiago ari dira galdezka ea petoak eta bestelako gauzak noiz iritsiko diren. Lanpetuta gaude.

Aurten zenbat kilometro eta lekuko izango dira Korrikak Debagoienean egingo duen bidean?

Guztira, 55 kilometro eta 159 eramaile izango dira. Egia esatearren, azkeneko urteetan baino eramaile gehiago dira. Pentsa... Arrasaten, esate baterako, kilometro batzuk bost edo sei zatitan banatu behar izan ditugu. Hain zuzen ere, horrek erakusten du parte hartze handia egongo dela, eta, era berean, eskertzekoa da bailara honetan dagoen borondatea.

Azterketak Euskaraz ekimena omenduko duzue aurten.

Bai, halaxe da; oihartzuna eman nahi diegu eurei ere. Askotan, Iparraldea atzean-edo uzten dugu, urrun ikusten dugu eta gurean bizi dugun errealitatean zentratzen gara soilik. Iparraldean bestelako egoera bat bizi dute, eta ohartu beharra dugu ze egoeratan bizi diren euskarari dagokionez. Egoera horri oihartzuna emateko erabaki da haiek omentzea.

Nolako bidea izan da orain artekoa?

Lehenik, batzordeak eratu behar izan genituen, eta, ondoren, haiekin adostu herri bakoitzean Korrikaren bueltan egongo diren ekitaldi kulturalak. Gero, ekarpenak egin nahi izan dituztenekin harremanetan jarri behar izan dugu. Horiek izaten dira hasierako eginbehar nagusiak. Egia da Korrika hasten den unetik amaitu arte dena oso markatuta eta abiadura handian joaten dela; ia arnasa hartzeko denborarik ere ez dugu izaten. Dena dela, Debagoienean batzordeak izan dira kilometroen banaketa eta kudeaketa gestionatzeko, eta, horri esker, askoz lan gutxiago izan dugu.

Nola funtzionatu dute herrietako batzordeek?

Orokorrean, oso ondo aritu direla esango nuke. Askok badakite zein den funtzionamendua, azken urteetan ere aritu direlako lanean. Alegia, prestutasuna eta laguntza handia erakutsi dute. Lehen esan bezala, batzorde horiek ez baleude gure lan-karga askoz handiagoa izango litzateke.

Aurtengo edizioan bi alditan pasatuko da Korrika ibarretik; horrek ba al du eraginik?

Bai, noski; lan-jardunean zerikusia du. Duela bi urte, herri guztietatik egun berean igaro zen. Oraingoan, bi egunetan une oro aktibo egotea eragingo dugu. Bailara guztia pasada batean zeharkatzen duenean, ordu gehiago egin behar izaten ditugu autoan, markagailu guztiak ere egun berean jarri behar ditugu eta abar. Lan horiek guztiak bi egunetan zehar errepikatu beharko ditugu.

Bi egunetan, gainera, gauez pasatuko da.

Korrikak gauez aritzen denean izaten duen magia oso indartsua izaten da. Egia da haur txikiek eta euren gurasoek ez dutela parte hartuko, ordu txikitan pasatzen delako. Dena dela, Bergaratik goizaldean igaroko da, eta, agian, han bai parte hartuko dute, eskolara joan aurretik. Bigarrenez igarotzen denean egubakoitzetik zapaturako gaua izango da, eta ziur nago sekulako festa egongo dela bailara osoan, eta parte hartzea ere halakoxea izango delakoan nago. Zirraragarria izango delakoan nago.

AEKtik, azken Korrikak kontuan hartuz eta datorrenari begira, ze balorazio egiten duzue?

Balorazio oso positiboa egiten dugu; izan ere, badakigu debagoiendarrak bailaratik kanpo ere joaten direla Korrika bizitzera, eta ekarpen ekonomikoak ere egiten dituzte hemendik kanpo. AEK-k Korrikatik ateratzen duen dirua ezinbestekoa du bizirik jarraitzeko. Debagoieneko AEKn, esaterako, hamar irakaslek dihardugu lanean, eta beste herri batzuetara eta enpresa batzuetara joaten gara ikastaroak eta eskolak ematera. Hau, lehen esan bezala, ezinezkoa litzateke Korrikatik jasotzen den diru gabe egitea.

Mezurik helarazi nahi al duzue AEKtik herritarrentzat?

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi ditugu, jendeak erakutsi duen borondateagatik eta egin dituen ekarpenengatik; ikaragarria izan da. Bestetik, debagoiendar guztiei Korrikan parte hartzeko gonbita egin nahi diegu, autoa pasatzen den unean hor egon daitezen, korrika ez bada, txaloka eta animoak ematen, baina parte hartu dezatela nahi duten moduan. Festa erraldoi bat izatea nahi dugu. Azkenik, Korrikaren aplikazioa jaistera ere gonbidatu nahi ditugu; bertatik une oro jarraitu ahalko da ibilbidea eta lekukoa nork daraman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak