Dena prest Arrasaten Emakume Master Cup-eko binakako txapelketaren finalerako

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko mar. 14a, 18:08

Domekan (12:00) Uarkape pilotaleku eraberrituak, binakako txapelketa lau pilotari onenen arteko lehia hartuko du; tartean da Madalen Etxegarai oñatiarra. Neurketarako sarrera doan izango da

Etxegarai-Gaminde edo Arrizabalaga-Erasun, bi bikote horietako batek izango du, etzi, Emakume Master Cup-eko binakako txapelketako txapela janzteko aukera. Lehiaketa borobila egin dute lau pilotariek, eta, orain, ginga jartzea besterik ez zaie falta.

Etxegarai eta Gamindek osatutako bikoteak neurketa "oso gogorra" aurreikusten du, eta, pilota gutxi galtzea neurketa irabazteko "gakoa" izan daitekeela ere argi dute. Bikote gorriko atzelariak, Itxaso Erasunek badaki atzeko koadroetan "lan asko" izango duela, izan ere, Olatz Arrizabalaga bezalako aurrelari batekin jokatzen duenez, aurkariek jokoa atzera bideratuko dutelako.

Madalen Etxegarai izango da finaleko debagoiendar bakarra eta "etxean" jokatzeko gogotsu dagoela dio, familiaren eta lagunen "babesa" izango duelako gaineratuz. Behin finalera iritsia, helburua "txapela janztea" dela ere aitortu du.

Atzoko aurkezpenean pilotariez gain, Gotzon Enbil Unanue Euskadiko Pilota Federazioko lehendakaria, Ainhoa Azurmendi Isasa Laboral Kutxako ordezkaria eta Maider Morras alkatea. Azken honek, ekitaldi honek herriarentzat duen garrantzia azpimarratu zuen: "Uarkapek 25 urte egiten dituen honetan, zoragarria da final hau gurean izatea. Emakumen kirola sustatzea eta kirolak gurean lekua izatea, oso garrantzitsuak dira gure agendan".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak