841.000 euro atletismo pista berritzeko

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mar. 14a, 15:20

Kirol Herria proiektua martxan jartzeaz gain, kirol arloan hainbat esku-hartze egingo ditu Udal Gobernuak agintaldi honetan, bai epe laburrean eta baita epe luzean ere. Hala, aurtengo inbertsio nagusia Mojategiko atletismo pista berritzeko egingo du.

Kirol azpiegiturak berritu eta, era horretan, eskaintza hobetzea da Arrasateko Udal Gobernuaren lehentasun nagusietako bat 2023- 2027ko agintaldian. Horretarako, hiru lan-lerrotan martxan daude dagoeneko, Mikel San Migel Arrasateko Udaleko Kirol batzordeko zinegotziaren esanetan: "Iturripe eta Musakolako kiroldegien proiektuak egitea, egungo instalazioetako mantentzea indartzea eta Kirol Herria proiektuaren garapena".

Azken horri dagokionez, kirola egiteko beste modu bat dauka helburu, eta, funtsean, kirola herri osora zabaltzea. "Gaur egun daukagun kirol instalazio zentralizatutik kirola oinarri duen herri baterantz jo gura dugu. Hemen inguruan baditugu mendi ibilaldiak, bizikletan egiteko ibilaldiak, bidegorriak eta abar. Beraz, mugikortasun aktiboa sustatu gura dugu", dio San Miguelek.

Atletismo pistak 17 urte ditu

Kirol azpiegiturak berritzeari dagokionez, 2024ko aurrekontuan dagoeneko txertatuta dituzte hainbat esku-hartze. Esaterako, Mojategiko atletismo pista berritu egingo dute, baita ekipamendu guztiak ere, 841.000 euroko inbertsioa eginda. Azpimarratzekoa da 2007an inauguratu zutela pista eta, beraz, 17 urte dituela dagoeneko. "Urteen eta erabileraren poderioz, nabaria da geroz eta egoera kaxkarragoan dagoela pista eta, hainbat zulo izateaz gain, leku askotan altxatuta dagoela lurzorua", dio Jon Ormaetxeak, Arrasate Atletiko Taldeko presidenteak. "Bereziki laugarren kalea da oso gaizki dagoena. Kale horretan ezin da lehiatu", gaineratu du.

Hasiera batean, maiatzean hastekoak ziren berritze lanekin, baina Arrasate Atletiko Taldeak eskatu zuen hilabete atzeratzea, hainbat txapelketa izango dituztelako maiatzean. Hala, ekainean hasiko dituzte atletismo pista aldatzeko lanak eta udazkenerako bukatuta izatea aurreikusten dute.

Mojategiko argiak LED sistemara aldatzeko, 520.000 euro inbertituko ditu Udal Gobernuak aurten

Era berean, Mojategiko argiteria ere aldatu egingo dute eta zortzi dorreetako foku guztiak LED sistemakoak jarriko dituzte. Horretarako, 520.000 euroko inbertsioa egingo du Gobernuak.

Horrez gain, Antoñako gunean ere hainbat lan egingo dituzte. "Azken urteetan mantentze eta jarraipen falta handia egon da eta hezetasun arazo handiak ditu. Gainera, mendiaren aurka dago, ura sartzen da, eta, hori konpontzeko, hobekuntza lan batzuk egingo ditugu saskibaloi kantxan eta pilotalekuan".

Uarkape morez margotu dute

Uarkaperi dagokionez, hainbat mantentze-lan egin dituzte udal langileek; hiru hormek zituzten akatsak konpondu dituzte. Udal Gobernutik azaldu dutenez, lan zailena frontisak eman du. "Pintura zaharra dekapatu, akatsak zuzendu, harriak lixatu, juntak hartu eta pintura geruza berria eman zaio, oraingoan, more kolorekoa, Arrasateko kolorea delako", diote. Beste bi hormetan, pilotak utzitako zuloak konpondu eta kolore berriarekin pintatu dute.

Era berean, frontiseko txapa ere berritu dute, eta, horrekin batera, beste bi paretetako txapa margotu. Telebistako kamerek erabili ohi duten frontiseko txapa azpian dagoen kristala ere berritu dute, apurtuta baitzegoen. Azkenik, markagailua babesten duen polikarbonatozko panela ere berritu dute.

Bestalde, aurten 25 urte betetzen ditu Uarkapek –1999ko abenduaren 21ean inauguratu zuten–, eta urteurrena gogora ekartzeko logotipo propioa jarri du Udalak frontoian.

Lehenik, Iturripe berrituko dute

Proiektu nagusiak, inolako zalantzarik barik, Iturripe eta Musakolako kiroldegiak berritzekoak izango dira. Bietan "inbertsio handiak" egitea aurreikusten du Gobernuak, eta Iturripe izango da lehenengo berrituko dutena. Kontuan hartzekoa da Iturripeko lursaila Gizabidea Fundazioarena dela eta orain arte, hitzarmen bidez, utzita erabili izan duela Udalak. Orain, Gobernuak lursailaren jabetza bereganatu gura du, eta horretarako negoziaketak "bide onetik" doazela aitortu du San Miguelek. Epeei dagokienez, hilabete barru, apirilean, aterako dute lehiaketara proiektuaren idazketa, 600.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Ondoren, aurreikuspena da lanak 2025ean hasi eta 2027an bukatzea.

Udal Gobernuaren aurreikuspena da Iturripe berritzeko lanak 2027rako bukatzea, bitartean Musakolako proiektua garatuz

Iturripe bideratuta utzi ondoren helduko dio Gobernuak Musakolako kiroldegia berritzeko proiektuari; 2026an proiektuaren idazketa esleituko du. Eraikina zaharkituta dago eta aluminosia dauka –hormigoiaren gaixotasuna–. Beraz, ziurra da hura eraitsi eta berria eraiki beharko dutela. Halere, Iturripe berritzeari eman diote lehentasuna, eta arrazoi nagusia hauxe da: "Klub eta herritar askok erabiltzen dute Musakolako kiroldegia, eta, berritzeko lanek iraun bitartean, zerbitzu batzuk beste herri batzuetara bideratu beharko ditugu. Edozelan ere, Iturripe berrituta edukitzen badugu, hara bideratu ahal izango ditugu erabiltzaileak eta klubak".

EAJ: "Gobernua berandu dabil Iturripe berritzeko"

Oposizioko talde nagusi EAJren proposamena da eurek egindako prozesu parte-hartzailetik ateratako kirol azpiegituren mapa aurrera eramatea. Horren harira, adierazi du Gobernua dagoeneko berandu dabilela Iturripe berritzeko orduan. "2023ko bigarren zatian ez du ezer egin, nahiz eta aurreproiektua eginda egon eta dirua aurrekontuan izan. Berez, 2023an hasi beharko lirateke proiektuarekin, eta 2024. urte amaieran lanak hasi". Era berean, kiroldegiaren tamaina bikoizteaz gain, lur azpiko aparkalekuak egitea "ezinbestekoa" dela uste dute jeltzaleek. "Arazoak daude aparkatzeko, eta kiroldegi berriarekin areagotu egingo da arazo hori".

Modu paraleloan Musakolako kiroldegi berriaren proiektua egitea gurako luke EAJk. "2024. urtean hasi behar da Musakolako kiroldegiaren proiektua egiten, 2027an obrak egiten hasi ahal izateko", azaldu dute.

Azkenik, eskoletako kirol instalazioak berritzeko programa martxan jarri beharko litzateke, jeltzaleen ustez: "Musakolako institutuko kantxa berritu eta herritarren kirol jarduerara bideratu, Erguinen erdi estalita dagoen gunea itxi eta kirol eremu bilakatu, edota Santa Teresako kanpoko gunea estali kirol praktikara bideratzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak