Hainbat mantentze lan egin dituzte udal langileek azken astean, hiru hormek zituzten akatsak konponduz. Udal Gobernutik azaldu dutenez, lan zailena frontisak eman du. "Pintura zaharra dekapatu, akatsak zuzendu, harriak lixatu, juntak hartu eta pintura geruza berria eman zaio, oraingoan, more kolorekoa", diote. Beste bi hormetan, pilotak utzitako zuloak konpondu eta kolore berriarekin pintatu diote.
Era berean, frontiseko txapa ere berritu dute eta, horrekin batera, beste bi paretetako txapa margotu. Telebistako kamerek erabili ohi duten frontiseko txapa azpian dagoen kristala ere berritu dute, apurtuta baitzegoen. Halaber, markagailua babesten duen polikarbonatozko panela ere berritu dute.
Azkenik, aurten 25 urte betetzen ditu Uarkapek, eta urteurrena gogora ekartzeko logotipo propioa jarri du Udalak frontoian. "1999ko abenduaren 21ean inauguratu zuten Uarkape. Urteurrenaren harira antolatutako jarduerak hauteskundeen ondoren jakinaraziko dira".