Beste urte batez, Navas de Tolosa kalean elkartu dira Isaias Carrasco zenaren senitarteko, lagun eta alderdikideak, haren erailketaren hamaseigarren urteurrena gogoratzeko. Senitartekoez gain, bertan izan dira alderdikideak ere, besteak beste, PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigai Eneko Andueza eta Denis Itxaso, Gobernuaren ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoan. Arrasateko udal gobernuko kideek ere hartu dute parte gaurko omenaldian, alkate Maider Morrasek eta Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek, besteak beste.
Urtero legez, lore eskaintza egin diote eta ondoren, Eneko Anduezak hartu du hitza. PSE-EE lehendakarigaiak Carrasco hil zuten 2008ko martxoaren 7 hura ekarri du gogora, EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandianori erreferentzia zuzena eginez: "Ni martxoaren 7ko goiz hartan hemen nintzen eta bizi izan nuen, batzuek ziklo politiko deitzen dioten hura. Pello Otxandianok ziklo politiko deitu zion ETAren terrorismoari. Hura ez zen ziklo politiko bat izan, baizik eta, batzuei bizitza osoan lagunduko dien lotsa".
Arrasateko alkate Maider Morrasek ere hartu du parte gaurko ekitaldian eta Anduezak "eskerrak eman dizkio izan duen keinuagatik". Halere, halaxe zuzendu zaio. "Askoz gehiago eskertuko nuke gaur hitza hartuko bazenu eta esango bazenu, ez soilik gertatu zena gaizki egon zela, baizik eta ez zenutela egoerak eskatzen zuen bezala jokatu eta gaur egun, oraindik ere, hori guztia gaitzestea falta zaizuela".