EH Bilduren, Arrasateko PSE-EEren eta Elkarrekin Arrasateren aldeko botoekin onartu ditu udalbatzak bide garbiketako zerbitzuaren plegu teknikoak eta, beraz, esleipen prozedura irekiko dute orain. Kontratazioaren aurrekontua 2.295.260 eurokoa izango da (BEZa barne). Hala, kontratu berria udazkenerako martxan egotea aurreikusten du Gobernuak.
Kepa Urteaga EH Bilduren udal bozeramaileak nabarmendu du plegu horiek ahalbidetuko dutela gutxiago zikintzea eta hobeto garbitzea. "Makinek egiten duten lana eskuz egingo dute langileek asteburuetan, garbiketa zehatzagoa eginez eta horretarako lantaldea handitu egingo da egun horietan, bederatzi langileko lantaldea izatera pasatuz. Halaber, Makineria hobetu egingo da, maiztasun batzuk areagotu egingo dira eta bi kontzientziazio kanpaina egingo ditugu urtean".
Jeltzaleek hainbat proposamen egin dituzte pleguak "hobetzeko", baina Gobernuak ez ditu onartu eta, ondorioz, aurka bozkatu dutela azaldu du Ander Garay EAJren udal bozeramaileak. "Aukera galdu bat da eta pleguek galdu egiten dute gure proposamenak aintzat hartu gabe. Beraz, aurka bozkatuko dugu", nabarmendu du.
Sozialistek, berriz, aldeko botoa eman dute. "Espero dugu plegu hauek balio izatea pintaketekin eta pankartekin dugun arazoa konpontzeko. Alde bozkatuko dugu, baina gertuko jarraipena egingo diogu garbitzaileen jardunari, begira egongo gara, ea adostutakoa betetzen den", dio Aritz Murua udal bozeramaileak.
Erabateko adostasuna Martxoaren 8ari begira
Martxoaren 8ari begirako adierazpen instituzionala egin du Arrasateko Udalak eta, horrekin batera, hainbat konpromiso hartu ditu: emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, mugimendu feministak aintzatesten laguntzea, belaunaldien arteko topaketa- eta elkarrizketa-guneak babestea, emakumeen ikusgarritasun soziala sustatzea, adineko emakumeek esparru publikoan dituzten esperientzietan eta harreman- eta partaidetza-moduetan arreta berezia jarriko duten proiektuak bultzatzea, errenta baxuenak dituzten emakumeei laguntza eta prestazio ekonomikoak ezagutaraztea, laguntza- eta zaintza-zerbitzu publikoak indartzea, indarkeria matxistaren eragina eta hura gauzatzeko moduak ikertzea eta horietan sakontzea eta memoria berreskuratzeko ekimenak ezagutaraztea.
Berdintasuna eta LGTBI+ Saileko zinegotzi Eva Avuinek zera nabarmendu du: "Adierazpen hau aukera bat izan daiteke gutxieneko batzuk adosteko alderdion artean eta guztiei eskerrak ematea gustatuko litzaidake adosteko gai izan garelako. Era berean, Emakume Txokoko eta eragile guztiei eskerrak eman gura dizkiet antolatutako egitarauagatik. Azkenik, arrasatear guztiei dei egiten diegu manifestazioan eta egitarauan parte hartzeko".
Etxebizitza hutsei, kanona
Horrez gain, Euskadiko Kaleratzeak Stop plataformak aurkeztutako mozioa ere onartu du udalbatzak, etxebizitza hutsen kanonari buruzkoa. Arrasateko Udalari eskatu diote "bitarteko guztiak" jar ditzala, pizgarrien bidez zein zergen bidez, jenderik gabeko etxebizitzak justifikaziorik gabe mobilizatzeko. Era berean, eskatu dute "ahalik eta azkarren" abian jar ditzala etxebizitza hutsentzako kanona ezartzeko izapideak.
EH Bilduren, sozialisten eta Elkarrekin Arrasateren aldeko botoak izan ditu mozioak, baina jeltzaleek ez dute babestu. "Guztiok uste dugu etxebizitzarekin arazo bat dagoela eta merkatura atera beharko liratekeela ahalik eta etxebizitza gehien. Hala ere, mozioak kanona sei hilabetetan aplikatzea eskatzen du eta uste dugu, horren aurretik, badaudela beste hainbat aukera. Lehenik eta behin, ikerketa bat egitea egokia izango litzateke, eta Udal Gobernuak aurrekontuan txertatu du horretarako partida bat", adierazi du Garayk.
IMME elkartearen eskaerak ere aurrera egin du
Era berean, IMME elkarteak Arrasaten alokairuko etxebizitza erraztea eskatu du mozio baten bidez. Elkarteko kide Malika Abba Mohamed Alik eta Djamila Zereibyk hartu dute berba eta azaldu dute "arazo handia" dagoela etxebizitza arloan Arrasaten, eta horrek "zaildu" egiten duela "bizimodu duina" izatea. Bestalde, aurreko mozioarekin bat eginez, nabarmendu dute espero dutela Arrasate tentsio handiko eremu izendatzea eta horrek prezioak erregulatzen laguntzea.
Edozelan ere, salatu dute alokairuko etxebizitza baten bila dabiltzan herritar askorentzat zaila dela Etxebiderekin eta Alokabiderekin harremanetan jartzea. Bide horretan, Udalaren laguntza eskatu dute. "Proposatzen dugu udal bulego bat sortzea, hurbilekoa, alokairuen kudeaketan zentratua eta bitartekari lanak egingo dituena Eusko Jaurlaritzarekin; bestalde, Udalak abian jar dezala alokairuko etxebizitzen jabeei zuzendutako programa bat; horrez gain, San Andres auzoan jabetzan dituen partzelak premiaz kudeatu ditzala eskatzen dugu, alokairuko etxebizitza publikoak eraikitzeko", aldarrikatu du.
Azkenik, etxebizitza hutsei buruzko diagnosian laguntzeko prest azaldu da IMME elkartea eta lankidetzarako eskua luzatu dio Udal Gobernuari.
EH Bildu, eta Elkarrekin Arrasate abstenitu egin dira eta sozialistek aurka bozkatu dute, argudiatuz eskaeretako asko ez direla udal eskumenekoak, Eusko Jaurlaritzarenak baizik. Edozelan ere, jeltzaleek aldeko botoa eman dute mozioak aurrera egin du. Urteagak nabarmendu du haien esku dauden puntuak aztertuko eta landuko dituztela. Garayk zera azpimarratu du: "Bulego horretan hainbat lan eta izapide egin ahalko lirateke. Beste herri batzuetan, Azpeitian edo Zarautzen, esaterako, hainbat eredu daude eta Arrasaten ere posible da".