Bihar egingo duten martxoko ohiko osoko bilkuran kaleen eta antzerakoen garbiketarako zerbitzuaren kontrataziorako plegua hizpide izango dela-eta, Arrasateko EAJren udal taldeak udal Gobernuari egin dizkion hainbat proposamenen berri eman du.
"Azkenengo bederatzi edo hamar hilabeteetan garbiketak okerrera egin duela-eta geroz eta herri zikinagoa dugula ikusi dugu", azaldu du Ander Garay bozeramale jeltzaleak, eta gaineratu proposamen horiek onartu ezkero "asko hobetuko" litzatekeela garbiketa.
Hala, EAJko udal taldeak proposatzen du grafitiak, pintadak eta kartelak garbitzea hautazko zerbitzuen atalean sartu beharrean, nahitaezko zerbitzuen atalean sartzea eta horretaz gainera, asteroko maiztasunarekin egitea horien garbiketa. "Gaur egun alkateak erabakitzen du zein maiztasunekin garbitu, baita zeintzuk garbitu eta zeintzuk ez ere. Guk proposatzen dugu gobernuan dagoena egonda ere, astero kentzea tokiz kanpo dauden horrelako guztiak", gaineratu du Garayk.
Zaborrontzien kopurua handitu
Garbiketa modu manualean egiteko proposamena kendu eta alde zahar guztia "egunero teknologia eta makinaria" erabiliz garbitzea ere proposatu dute jeltzaleek; baita Kulturola eta JAME eremuak astean hirutan beharrean egunero garbitzeko eremuan sartzea ere. Hirigunean eta bidegorrian zaborrontzien kopurua %50 handitzea; pasabideak garbitzeko maiztasunean doikuntzak egitea; et urtean lau kontzientziazio-kanpaina egitea dira Arrasateko EAJk egiten dituen beste ekarpenak.
"Guk proposamen hauek guztiak helarazi dizkiogu Udal Gobernuari batzordean, baina printzipioz esan digute ez dutela bat bera ere onartzen. Dena den, gaurtik biharko osoko bilkurara oraindik ere denbora dago eta ikusiko da", azaldu du Ander Garayk.