Debagoienean lan munduarekin lotutako arazoei konponbide eman guran hainbat hilabetetan lanean egon ostean, horretan jarraitzeko bulegoa estreinatu du Laneko Autodefentsa Sareak Arrasateko Altamari auzunean, Jose Luis Iñarra kalean.
"Gure asmoa da langileak elkartu, antolatu eta euren eskubideen alde borroka egitea. Horretarako ahalbidetu dugu bulegoa, pertsonaren batek arazoren bat badu, lehenengo laguntza bat jaso dezan; eta gero, antolakuntzaren bidez, arazoari aurre egin ahal izateko", azaldu du laneko Autodefentsa Sareko kide Beñat Ugaldek, eta gaineratu: "Guk proposamen politiko bat dugu, eta horren baitan langileen antolakuntza dago. Asmoa da nik arazoren bat badut, beste langile batzuekin elkartuz, haiek arazo hori konpontzen laguntzea. Guk oinarri juridiko batzuk eskaini ditzakegu, baina momentu batzuetan oinarri horiek ez dute balio eta presio mekanismo batzuk abiatu ahal dira".
Printzipioz, hilean behin
Dozena bat lagunek osatzen dute Laneko Autodefentsa Sareko asanblada, eta egungo testuinguruan horrelako ekimen baten beharra argi ikusten dute kideek. Bulego berria edozeini zabalik dagoela azpimarratzen dute, bai arazo konkretuak dituztenei eta baita informazio bila dabiltzanei ere, eta printzipioz hilean behin irekiko dute. Era berean, Laneko Autodefentsa Sarearekin harremanetan jartzeko martxan jarraitzen dute las.debabailara@gmail.com helbide elektronikoak eta 631 17 70 47 telefonoak.