Maider Morras: "Lekualdaketak jauzi kualitatiboa emango dio Emakume Txokoari"

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko mar. 1a, 18:30

Arrasateko alkate gisa zortzi hilabete daramatzan honetan, Goiena telebistako Harira saioan izan da Maider Morras (Arrasate, 1976); orain arte egindakoaz eta, batez ere, egiteko dagoenaz aritu da.

Agintaldiko lehen zortzi hilabeteak "onak" izan direla dio Maider Morras Arrasateko alkateak. "Ilusio handiz hasi ginen eta pozik gaude, karguak ardura handia duen arren, ohorea baita norbere herriko alkate izatea".

Lau urteko bidea, ordea, hasi besterik ez da egin, eta aurrera begirakoez aritu da, nagusiki, Morras. Joan den astean aurkeztu zuten plan estrategikoaz galdetuta, zera erantzun du: "Agintaldia aurrera doan heinean, bidelagun garrantzitsua izango da, bai guretzat eta baita herritarrentzat ere. Gure eredua herritarrekiko gertutasunean oinarritzea gura dugu, eta, bide horretan, auzoei garrantzi handia emango diegu. Hala, auzoz auzo aritu gara herritarren ekarpenak eta kritikak jasotzen, eta behin eta berriz errepikatuko dugu ariketa hori. Bide-orri garrantzitsua da plana, baina egindakoa fiskalizatzeko ere balio dezake herritarrentzat".

Hain zuzen, herritar batek "txakurren zainketa arautuko duen ordenantza bat" eskatu du eta begi onez ikusi du Morrasek: "Ekarpen ona da; geroz eta txakur gehiago daude herrian, eta beharrezkoa da hori arautzea".

Trantsizio ekologikoaz

Klima aldaketarekin lotuta, herriaren zaurgarritasun plan baten beharra ere ikusi du herritar horrek, eta honako hau erantzun du alkateak: "Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun Sailak azterketa batzuk eginda ditu eremu batzuetan. Esaterako, lehen aldiz elkartu gara baso-jabeekin eta hainbat ekarpen egin dizkigute. Halaber, badakigu berdeguneak zabaltzea eta zuhaitzak landatzea garrantzitsua dela beroaren aurkako neurri bezala. Planik ez daukagu oraindik, baina badakigu ze noranzkotan joan behar dugun".

Era berean, garraio publikoa indartzeak daukan garrantzia ere nabarmendu du, eta, Zalduspeko autobus geltokiaren behin-behinekotasunaz galdetuta, erantzun du herritarrek erabakiko dutela geltokiaren etorkizunaz: "Halere, geltoki berriak duina izan behar du, estalia eta komun egokituak dituena. Zalduspe ez da kokapen txarra; betiere, ondo konektatuta badago gainontzeko auzoekin".

TAO sistemari buruz, bestalde, aldaketak behar dituela esan du. "Hasierako sistema nahasia zen, eta, gerora aldaketak egin diren arren, oraindik kexa asko daude; beraz, ordenantza aldatu egingo dugu, parte-hartze prozesua eginda".

Espazio naturalak berreskuratzeari ere garrantzia eman nahi dio Udal Gobernuak: "Etxezarreta, Santa Barbara eta Monterron parkeak ondo konektatuta egotea gura dugu. Halaber, Etxezarretan lorategi botaniko bat egokituko dugu".

Santa Teresako igogailuak, laster martxan

Hirigintzari helduta, Santa Teresako igogailuak "laster" erabilgarri egongo direla dio, eta proiektua aurrera doala. "Egia da Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntza batekin gauzatzen ari den proiektua dela eta herritar batzuek onurak jaso dituztela laguntza horretatik, baina beste batzuek ez. Beraz, aztertzen ari gara nola orekatu hori, herritar guztiek aukera berberak izan ditzaten".

2024ko beste inbertsio handietako bat Jose Luis Iñarra kalearen eraberritzea izango da, bi milioi euro baitituzte aurreikusita horretarako. Edozelan ere, ez du askorik aurreratu alkateak: "Oraindik proiektua egiten ari gara eta lanak 2026an hasiko dituztela aurreikusten dugu".

Horrez gain, alde zaharreko zuntz optikoa ere izan du berbagai: "Hasiera batean, 89 bizilagunek eskatu zuten zuntza, eta orain, 24 bizilagun gehiagok eskatu dute. Beraz, luzatu egin behar izan dugu kontratua. Badakigu obra gehiegi luzatzen ari dela eta bizilagunendako gehiago itxarotea dela, baina pazientzia eskatzen diegu. Abuztutik aurrera izango dute zuntza kontratatzeko aukera".

'Cohousing' proiektuaz

Mesedetako ikastetxea izan zen eraikina zerbitzu publikoa emateko erabili gura dutela azpimarratu du Morrasek: "Batetik, gazteentzako alokairuko etxebizitzak jarri gura ditugu, emantzipazioa ahalbidetuko duena; bestetik, adin nagusikoentzako etxebizitzak ere egokitu gura ditugu han. Dagoeneko harremanetan gaude Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin".

Feminismoa erdigunean

Feminismoa erdigunean jarriko duen Gobernua dela ere zehaztu du, eta, nagusiki, bi lehentasun dituztela arlo horretan: "Emakume Txokoaren lekualdaketa eta horrek ekarriko duen jauzi kualitatiboa. Gure herria aitzindaria izan da feminismoan, baina azken urteotan atzean gelditzen ari da, eta indar berezia eman gura diogu". Kokapen berriaz galdetuta, tren geltoki zaharra aipatu du aukera nagusien artean: "Emakume Txokoko langileek eta mugimendu feministako ordezkariek ikusi dituzte lokalak, eta hirigintza-azterketa baten zain gaude. Hiru urte barru errealitate bilakatzea da helburua".

Bestalde, LGTBI kolektiboarekin "politika bereziak" egingo dituztela adierazi du: "Orain arte ahaztuak izan dira, eta zor historiko bat dugu haiekiko".

Iturripe berritua, 2027rako

Kirol instalazioez ere aritu da alkatea: "Iturriperi dagokionez, hango lurrak Gizabidea Fundazioarenak dira, eta lur horiek gureganatu gura ditugu, baliabide ekonomiko asko bideratuko ditugulako horra. Hala ere, zintzoak izan behar dugu herritarrekin: Iturripe ezin da urtebetean eraberritu. Aurreikuspena da 2027rako egitea". Horrez gain, Musakolako kiroldegiko proiektua "agintaldiko azken bi urteetan" egingo dutela zehaztu du. "Biak ala biak oso proiektu handiak dira, eta zorpetu egingo gara", ohartarazi du.

"Kulturola txiki geratu zaigu"

Kultura arloan, alkateak dio Kulturola "txiki" geratu dela dagoeneko. "Arrasaten, zorionez, eragile eta kolektibo asko daude, eta, funtzionamendua ona den arren, dinamizazio lanak ere beharrezkoak izango dira, kulturaren belaunaldiartekotasuna bermatzeko". Amaia antzokia guztiz eraberritzeko lanak, azkenik, bi urte barru hasiko dituztela zehaztu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak