Mesedeetako ikastetxea izandako eraikinean 'cohousing' eredua ezartzeko lanean ari dira

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 13a, 10:07

Gaur egungo argazkia eta hainbat infografia.

Mojen ikastetxe izandako eraikinean etxebizitza komunitarioak egiteko aurreproiektua aurkeztu du ISEA kooperatibak. 8.000 metro karratuko espazioan 66 apartamentu egitea da asmoa, belaunaldiartekotasuna, komunitatea eta berrikuntza ardatz hartuta.

ISEA kooperatiba ari da aurreproiektua egiten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Adinberri fundazioaren finantzaketarekin, eta, funtsean, aurreproiektu horren helburua da Mesedeetako ikastetxea izan zen lekuan cohousing edo etxebizitza komunitarioak egitea; belaunaldiartekotasuna erdigunean jarrita, betiere. Modu horretan, egungo eraikina birgaitu eta beste erabilera bat emango liokete, gazteendako zein adineko pertsonendako bizitoki bilakatuta.

Etxebizitza komunitarioa edo cohousing kontzeptua, azken batean, bizitegi-modalitate bat da, non sukaldea edo atsedenlekuak partekatzen diren eraikin berean, auzo-komunitate bateko kideen artean gizarte-harremanak sustatzeko.

Aurreproiektuko infografietako bat. Hegoaldeko ikuspegia erakusten du, eraikin berria aurrean duela.

66 apartamentu edukiko lituzke

Aurreproiektuak 8.000 metro karratu hartzen ditu, eta horietatik 1.000 espazio berri batekoak izango lirateke, zeinak eraikin berri bat edukiko lukeen. Halaber, logela bakarreko, bi logelako eta hiru logelako 66 apartamentu jasotzen ditu aurreproiektuak. Hala, egungo eraikinaren bi hegaletan, logela bakarreko 34 apartamentu, bi logelako zortzi apartamentu eta hiru logelako sei apartamentu proiektatu dituzte. Eraikin berrian, aldiz, logela bateko bederatzi apartamentu eta bi logelako bederatzi egongo lirateke. Azkenik, hainbat gune komunitario egongo lirateke, hala nola egongelak, kafea hartzeko guneak, jangela, gimnasioa, zerbitzu medikoak eta abar.

Pasabideetako bat erakusten duen infografia.

Egungo aparkalekuak mantendu egingo lirateke.

Bereziki logela bakarreko apartamentuak izango direla nabarmendu du Aitor Orobengoak, ISEA kooperatibako kideak. "Proiektua pentsatuta dago, gehienbat, pertsona bakarrendako edota pertsona bakarra eta haren laguntzailearendako. Izan ere, ikerketen arabera, geroz eta jende gehiago bizi da bakarrik. Hori dela eta, ahalegin berezia egin dugu logela bakarreko apartamentuak egiteko, eta, ondorioz, apartamentuen %60 logela bakarrekoak dira. 56 metro karratukoak izango lirateke horiek, bederatzi metro karratuko terrazarekin". Bestalde, bi logelako apartamentuak %28 izango lirateke eta gainontzeko %12ak, hiru logelakoak.

ISEAko kideak gaineratu duenez, formula bera mantentzen da apartamentu guztietan; hau da, guztiek dute logela, komuna, egongela eta sukaldea. "Horrez gain, espazio komunak ere egongo dira solairu bakoitzean".

Hegoaldean lorategiak eta paseatzeko lekuak joango lirateke. (Infografiak: ISEA kooperatiba).

FINANTZAKETA, ORAINDIK ZEHAZTEKE
Finantzaketari dagokionez, hainbat gauza zehazteke daudela azaldu du Orobengoak: "Batetik, eraikina mojena da, eta, beraz, haiek zehaztu beharko digute eraikinaren truke gura duten diru kopurua. Bestetik, oraindik ez dakigu proiektuak izango duen kostua". Etxebizitza komunitarioak izan ahal izateko, eraikinak jabetza publikoa izan behar duela gaineratu du Orobengoak, eta Maite Peña foru diputatuak zera dio horren harira: "Proiektu estrategikoa da guretzat eta ez daukat zalantzarik oztopo guztiak gaindituko ditugula hau aurrera eramateko". Hala, behin proiektua amaitutakoan eta izango duen aurrekontua zehaztutakoan, Udalak, Aldundiak zein Jaurlaritzak negoziatu egin beharko dute haren finantzaketa nork eta nola egingo duen.

Erakina, "oso egoera onean"

2008ra arte ikastetxea izan zen eraikina 60ko hamarkadan egindakoa da eta garai hartan "ikastetxe berritzaileenetakoa" zela dio Orobengoak. "Guk lan egin izan dugu LKS Krean enpresako arkitektoekin, eta haiek goraipatzen dute oso egoera onean dagoela eraikina oraindik, bere garaian erabilitako materialak eta teknikak oso aurreratuak izan zirelako. Kanpotik begiratuta irudi lezake hondatuta egon daitekeela, baina egitura barrutik oso ondo dago. Ez da zantzurik agertzen aluminosia edo halako gaixotasunena, eta hori funtsezkoa da proiektua aurrera eraman ahal izateko".

Eraikinak duen beste abantailetako bat da erdigunetik "oso hurbil" dagoela, Orobengoaren esanetan, "igogailua erabiliz, lau minutu eta erdira", hain zuzen. "Horrez gain, hegoaldera begira dagoen eraikina da, eta, beraz, oso eguzkitsua. Herriaren goialdean egonik, halaber, oso ikuspegi ederrak ditu, Arrasate osoa ikusten baita. Beraz, aurreproiektuan ere hala jaso dugu, iparretik hegora begira". Modu horretan, logela gehienetan eguzkiaren argia sartuko litzateke.

Sare komunitarioa helburu

Eraikinaren arkitektura eta egitura garrantzitsuak badira ere, horien gainetik proiektuak daukan "balio kualitatiboa" nabarmendu du Maite Peñak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak. "Proiektu garrantzitsua da Arrasaterentzat, baina baita Gipuzkoarendako ere. Halako esperientzia lokalak martxan izateak ahalbidetzen digu lurralde mailara hedatu ahal izatea eta onurak biderkatzea, jende gehiagorengana iritsiz", dio.

Haren esanetan, berrikuntza eta komunitatea daude proiektuaren oinarrian. "Belaunaldien arteko harremanak sendotuko ditugu, baina berrikuntzatik abiatuta eta komunitateak duen balioa azpimarratuz. Pertsonen beharrak hartuko dira kontuan, perspektiba oso batetik, eta hori da pertsonalizazioa. Beraz, helburu bikoitza du proiektuak: erabiltzaileei bizileku egonkorra ematea, bizi-kalitatea lehenetsiz, eta gainerako kideekiko zein komunitatearekiko ingurune kolektiboa sortzea".

Elkarlanaren fruitua da

Aldundiko Kudeaketa Estrategikoko zuzendaritzatik bultzatutako proiektua da, Adinberri fundazioak diruz lagunduta, eta ISEA lantzen ari dena. Azken horrek bidelagun izan ditu MU, EHU, LKS Krean eta Lur Paisajistak, besteak beste. "Elkarlana funtsezkoa ari da izaten proiektu hau errealitate bihurtzeko", azaldu du Peñak. Era berean, Arrasateko Udal Gobernuarentzat ere proiektu estrategikoa eta beharrezkoa da eta oposizioko indar nagusi EH Bilduk ere begi onez ikusten du.

Proiektua, sanjuanetarako prest

Orobengoak dio proiektua sanjuanetarako izango dutela prest. "Arrasateko Udalak eskatzen digun plan berezia sakontzen ari gara, eta barne diseinua ere hobetu behar dugu". Halaber, gaineratu du proiektua prest daukatenean erakusketa eta hitzaldiak egingo dituzte, proiektua azaltzeko eta proposamenak jasotzeko. Azkenik, erabiltzaile izateko bete beharreko baldintzen berri ere orduan emango dute.

1.000 metro karratuko espazio berri bat

Egungo eraikinak 7.000 metro karratu ditu eta 1.000 metro karratuko azalera gehigarri bat jasotzen du aurreproiektuak, eraikin berri batekin –guztira, 8.000 metro karratu–. Espazio berri horretan ingurune berde bat egitea proposatu dute, lorategi batzuekin eta paseatzeko ibilbidetxo batzuekin.

Goiko planoan, beheko zatia izango litzateke eraikin berria. Beheko infografietan ikusten da nola geratuko litzatekeen, hegoaldetik zein iparraldetik ikusita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak