Zabalik dago Txatxilipurdiren udaleku itxietan izena emateko epea

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ots. 29a, 12:28

Otsailaren 27an ireki zen izena emateko epea eta apirilaren 26an bukatuko da. Lau eskaintza zabaldu dituzte, alde batetik, ekainaren 29tik uztailaren 6ra bitarte, GaraiOnen hiru herrixka osatuko dituzte, adin tarte bakoitzeko herrixka bat. Bestalde, Kosta ala Kosta deitutako udaleku ibiltariak egingo dituzte uztailaren 7tik 14ra.

Zabalik dago Txatxilipurdiren udaleku ibiltarietan izena emateko epea. Pasa den otsailaren 27an ireki zen epea eta apirilaren 26ra arte luzatuko da. Arrasatearrek lehentasuna izango dute martxoak 5era arte, eta ondoren Euskal Herri guztira zabalduko da izena emateko aukera.

Lau eskaintza ezberdin egongo dira aurtengo udalekuetan. Alde batetik, Arabako Ozaeta herrian aurkitzen den GaraiOn sorgingunean zortzi eguneko kanpaldia egingo dute, ekainaren 29tik uztailaren 6ra. Bertan hiru herrixka ezberdin antolatuko dituzte, adin tarte ezberdin bakoitzeko bat. LH 4-5-6-koen herrixka Aizkomendi izango da, DBH 1-2-koena Gebara eta DBH 3-4-koena, berriz, Sorginetxe. Lehen bietan 30 pertsonentzako plaza egongo da, azkenean, berriz, 10 pertsonarentzat. Herrixka bakoitzak bere lo leku, elkargune eta jolas eremu propioa izango du.

Bestalde, Kosta ala Kosta deitutako udaleku ibiltariak egingo dituzte uztailaren 7tik 14ra bitartean. DBH 3-4 eta batxilergoko bi kurtsoetako ikasleek izango dute udaleku ibiltarietan izena emateko aukera, eta 20 plaza egongo dira. Arrasaten hasiko da Kosta ala Kosta eta Gipuzkoako mendiak zeharkatu ostean, Mutrikun amaituko da.

Izena emateko moduak

Aurrez-aurre zein online eman ahalko da izena. Presentzialki egiteko, Txatxilipurdiren bulegoan -Nafarroa etorbidea 23- egin ahalko da, 9:30etik 13:30era arte eta  15:00etatik 17:00ak arte. Sarean egiteko, Txatxilipurdiren webgunean sartu beharko da. Txanda guztiek 330 euroko prezioa izango dute. Zalantzak argitzeko informazio puntuak jarriko dituzte kalean, guztiak 17:00etatik 19:00ak arte: Martxoaren 7 an eta apirilaren 11n Biterin, Martxoaren 14ean, Musakolako kiroldegi kanpoan eta Martxoaren 15ean, Arimazubi plazan.

Balioen garrantzia

Urtean zehar garrantzi handia ematen diete balioei Txatxilipurdiko kideek: "Txatxilipurdi elkartean, aisialdi hezitzaile euskalduna lantzen dugu eta bizitzarako behar ditugun balore eta gaitasunak garatzen laguntzen dugu, hala nola, euskaltzaletasuna, parte hartzea, autonomia, naturarekin harremana, aniztasuna eta feminismoa." Udalekuetan ere balio hauei jarraipena eman nahi diete elkarteko kideek, beti ere gazteen gozamena oinarri izanik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak