Bo jaunaren eta haren hiru zerbitzarien inguruan dihardu antzezlanak. Hiru zerbitzariak ohituta daude Bok dioen guztia egitera, baina zerbitzariek noiz-behinka irudikatzen dute zer litzatekeen boterea haien eskuetan izatea. Modu horretan, botere harremanez hitz egiten du antzezlanak. "Boterearen erabilera kaskarra da antzezlanaren gaia, eta zer egin botere maltzur horri aurre egiteko. Bestela, gero gaiztotu egiten da, eta zaila izaten da egoera horri buelta ematea", adierazi du Jokin Oregi zuzendariak.
Familia guztiarentzat
Txotxongilo eta maskaren erabilerak ezaugarritzen du konpainia, eta Mr. Boh ez da sal- buespena. Antzezlan mutuak egiten dituzte Marie de Jongheko kideek, baina konpainiak ez du hitzik behar mezua helarazteko. Hala ere, Oregik dioenez, antzezlan horrek baditu zenbait ezaugarri propio: "Besteekin alderatuta, badu berritasun bat: 4 urtetik gorako haur txikiei ere zuzenduta dagoela. Beste lanak, berriz, 6-7 urtetik gorakoentzat ziren".
Hala ere, ez da soilik haurrentzat sortutako lan bat; belaunaldi askotariko pertsonek gozatu ahal izateko pentsatuta dago. "Guk aintzat hartzen dugu haurrak ez direla bakarrik joaten antzerkietara. Helduekin batera joaten dira, eta biak gozatzen ikustea asko gustatzen zait", adierazi du Oregik.