Maider Morras alkatea eta Arrasateko Udal Gobernuko gainerako zinegotziak izan ziren atzo iluntzean Kulturateko klaustroan egindako ekitaldian herritarrei eta hainbat eragiletako ordezkariei 2023-2027 Gobernu Plana aurkeztu zietenak. Guztion Arrasate izenburupean , txostenak 70 proiektutik gora jasotzen ditu, lau alorretan banatuta: herritarrak; gobernantza eredua; obra eta zerbitzuak; eta zaintza. Hala, Udal baliabideen berrantolatzea; HAPOaren berrikuspen osoa; Bizikidetza eta Aniztasunaren bigarren Planaren gauzatzea; Kirol Herria proiektuaren garapena eta Amaia antzokiaren eraberritzea bezalako ekimenak jasotzen ditu planak.
"Edukia osatzen dute guk gure programan eroan genituen proiektuek, baina baita herritarren partetik jasotakoek ere. Zer egin behar den zehazten da bertan, baina baita nola, zeinek eta zein epetan egin ere", azaldu du Maider Morrasek, eta gaineratu bi noranzko dituen ekimena dela: "Herritarrek, esandakoa betetzen dugun edo ikusi ahalko dute, eta gainera, zabalik gaude norbanakoek zein eragileek egin dezaketen ekarpenetara". Zentzu horretan, atzo izan zen lehen aurkezpenaren ostean bertaratutakoek galderak egiteko, euren iritziak emateko eta ekarpenak egiteko aukera ere izan zuten.
Aurkezpenak auzoetan
Aste honetan zehar 2023-2027 Gobernu Planaren aurkezpenak herriko hainbat auzotan ere egingo dituzte: gaur martitzena, San Andresen izango dira; bihar, Musakolan; etzi, Santa Marinan; eta egubakoitzean, Erguinen. 18:00etan izango dira aurkezpen guztiak.