Gorostiza auzoan "igogailu sistema bat ezartzeko" eskaria egin du Arrasateko EAJk, "330 etxebizitzetan banatutako 800 bizilagun baino gehiagoren irisgarritasuna eta bizi kalitatea hobetuko" litzatekeela nabarmendu baitute Agurne Juldain eta Ander Garay jeltzaleek. Hain justu, gaur-gaurkoz, igogailu bat dago auzo horretara joan-etorria egiteko, Bizkaia etorbidetik Larragain kalera.
Jeltzaleen arabera, Arrasateko Udalak 2018ko apirilean "aho batez" onartu zuen proposamen hori Mugikortasun Iraunkorreko Plan Integralean, beste lau erabakiarekin batera. "Hiru dagoeneko gauzatu dira, eta laugarren bat EAJren gobernupean dago prozesuan". Zehazki, azaldu dute Makatzenan, Erguinen eta Santa Teresan amaitu dituztela lanak, eta Altamiran berrurbanizazioan dabiltzala; 2023-2027 legegintzaldiko gobernu planean, aldiz, horrelakorik ez dagoela azpimarratu dute. "Horrek argi uzten du Udal Gobernuak ez duela batere borondaterik Gorostizaren irisgarritasuna eta mugikortasun bertikala hobetzeko".
Ekintza plana
Eskari hau aintzat hartuta, EAJk "elkarlanean" garatzeko ekintza plan bat proposatu dio Udal Gobernuari: "Proiektua 2024ko lehen sei hilabeteetan egiteko kontratazioa, enpresa arduradunari hiru aukera bideragarri eskatuz". Horrez gain, auzotarrekin "partaidetza prozesu bat" jarri nahiko luke abian, 2025eko lehen hiru hilekorako "aukerarik onena" aukeratzeko. "2025. urtean zehar bizilagunek aukeratutako aukeran oinarritutako behin betiko proiektua egitea, eta, azkenik, 2026an zehar programatutako obrak gauzatzea".