Iker Zubizarretaren argazkia munduko argazki onenen artean aukeratua

Julen Murua Mesonero 2024ko ots. 9a, 12:30

Goienaren Udako Argazki Lehiaketako argazki onenaren saria irabazi zuen Iker Zubizarretak ateratako argazkiak, eta orain, mundu mailako argazki onenen artean hautatu dute; otsailaren 29ra arte egongo da argazkia bozkatzeko aukera

Iazko uda amaieran erabaki zuen Iker Zubizarretak mundu mailako argazki txapelketa batean parte hartzea, eta, gaur-gaurkoz, lehiaketa horretako finalistetako bat da. Greenstorm Global Photography lehiaketa da, hain zuzen; izan ere, aurten lehiaketaren hamabosgarren edizioa jokatuko da. Guztira, 17.716 argazki jaso zituzten antolatzaileek, 153 herrialdetan banatuta, eta horietatik 34 argazki igaro dira argazki kamerarekin ateratako argazkien finalera; horien artean Debagoieneko ordezkaritza dago: Zubizarreta bera, hain zuzen.

Lehiaketan izena "kasualitatez" eman zuela dio Zubizarretak: "Lehiaketa hastear zegoela esaten zuen iragarkia ikusi nuen sare sozialetan, eta ea zorterik izango ote nuen ikusteko bidali nuen argazkia". Aurretik ez zuen ezagutzen lehiaketa hori Zubizarretak, baina "itxura ona zuela ikusita" erabaki zuen izena ematea. Hilabete batzuetan zehar ezer jakin gabe egon eta gero, duela bi aste jaso zuen arrasatearrak lehiaketako antolatzaileen deia: "Duela bi aste inguru deitu ninduten eta jakinarazi zidaten beste argazki batzuekin batera nirea izan zela hautatua finalera igarotzeko. Argazki on asko izan ziren hautatuak, eta horietako bat nirea izatea berri oso ona izan zen".

Goienaren lehiaketan garaile

Hain zuzen ere, Greenstorm Global Photography argazki lehiaketan parte hartu duen argazki berarekin eman zuen izena argazkilari arrasatearrak Goienaren Udako Argazki Lehiaketan; bertan, argazki onenaren saria eskuratu zuen. Hori horrela, Goienak antolatutako argazki lehiaketan izan zuen "arrakasta bera" izatea "ederra" izango litzatekeela aitortu du Zubizarretak.

Lau urteko ibilbidea

17 urte inguru zituela hasi zen Zubizarreta bere lehenengo argazki kamera erabiltzen, eta arrasatearrak dio hasieran ateratzen zituen argazkietatik gaur egunekoetara "alde handia" dagoela. Hasieratik izan du gustuko paisaia eta kirola uztartzen dituen argazkiak ateratzea, eta horregatik erabaki zuen lehiaketa horretan parte hartzea: "Paisaia eta kirol argazkilaritza dut gustuko; bereziki, pertsonak agertzen direnean neurrien arteko aldea ikusteko. Argazki hori aukeratu nuen nik ateratakoen artean gehien gustatu zitzaidanetako bat delako eta lehiaketa motarekin ere zerikusi handien duena delako".

Dolomitetara

Iazko uda amaieran, abuztuan, atera zuen argazkia. Oporretan Dolomitetara joatea erabaki zuten hainbat lagunek, eta han haren argazkilaritza esparru gustukoena uztartzeko aukera izan zuen. Paisaiari garrantzi handia emateaz gain, ilunabarrak eta egunsentiak ere baliatzen ditu Zubizarretak argazkiak ateratzeko, eta egun hartan Cadini di Misurina mendi ingurura joan ziren une hori bizi izatera: "Han inguruan ikusi nuen asko gustatu zitzaidan enkoadraketa bat, eta lagun bati esan nion bertan korrika hasteko nik argazkia atera nezan. Argazkiak mendiaren eta naturaren handitasuna erakusten du; askotan ateratzen ditut horrelakoak, argazki esanguratsuak iruditzen zaizkit eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak