Jasone Giraldo: "Aniztasun mota guztiak aintzat hartzea ezinbestekoa da"

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ots. 7a, 15:55

Arrasateko Udaleko II. Bizikidetza eta Aniztasun Plana aurkeztu dute gaur, 2024tik 2027ra bitartean gauzatzeko asmoa dutena. Planaren helburu nagusia izango da giza eskubideekin konprometitutako herria eraikitzen jarraitzea, aniztasun mota guztiak aintzat hartuz.

Atzo, martitzena, udalbatzak onarpena eman zion 2024tik 2027ra arteko planari. Aipatu behar da bigarren plana dela, 2020-2023 artean gauzatutakoari jarraipena emango diona. "Edozelan ere, bada diferentzia esanguratsu bat. Izan ere, lehenak aniztasun kulturalean eta kulturen arteko bizikidetzan oinarritutako ekintzak planteatzen zituen bakarrik eta bigarrena, hortik harago doa, aniztasuna modu zabalago batean ulertzen baitu", azaldu du Jasone Giraldok, Arrasateko Udaleko Bizikidetza saileko zinegotziak.

Herriko eragileekin elkarlanean arituta eta iaz egindako hausnarketa prozesu baten baitan, hainbat hutsune identifikatu zituzten eta horiei erantzuteko beharra ikusi. "Batetik, aniztasun hitza betiko fokutik ateratzeko beharra ikusi dugu eta, bestetik, kolektiboek eskatzen dute beren eskubideak aitortzea eta beren berezitasuna berrestea, hainbat dimentsiori dagokienez; hala nola, etnia, kultura, hizkuntza, erlijioa, ideologia, desgaitasuna, generoa eta abar".

Giraldok dio "anbizio handiko" plana dela eta udal mailan, adibidez, egunerokoan lan egiteko moduan aldatzea ekarriko dute planak jasotzen dituen lan-ildoek, sailen arteko elkarlana sustatuz, hain zuzen. Horretarako, hain zuzen, teknikari propio bat kontratatuko du Udalak, planaren arlo teknikoaz arduratuko dena, Gizarte Zerbitzuetako teknikari Iñaki Garitanok azaldu duenez.

Horrez gain, datozen urteetan gauzatuko dituzten ekintzen berri eman du Garitanok. "Ekintza guztiek planifikazio eta zehaztapen konkretua dute: nori zuzendua dagoen, ekintzaren deskribapena eta helburua definituz, horren ardura politikoa eta teknikoa identifikatuz, lehentasun maila adieraziz, eta haien betetze maila ebaluatuko duten irizpideak definitzen ditu. Horrek planaren betegarritasun bermea ematen digu".

Hamasei lan-ildo eta 24 ekintza jasotzen ditu planak

  • Ekarpenak jaso
    • Arrasate inklusiboago bilakatzeko, Udaleko sail guztien ekarpenak jasotzea eta horiek abiaraztea.
  • Adierazpen instituzionalak
    • Elkarbizitzaren alde eta diskriminazioaren aurkako adierazpen instituzionalak gauzatzea.
  • Herritarrei harrera egitea
    • BAZek eta Udaltzaingoak herritarrekiko harremanetan duten laguntzaile eta bideratzaile lana sustatu eta lantzea
    • Harrera, Orientazio eta Informazio Zerbitzuarekin jarraitu eta indartzea.
  • Aniztasun sarea
    • Aniztasun mota guztiak jorratzen dituzten elkarte, erakunde eta eragileekin koordinatzea eta harremanak mantentzea.
  • Formakuntza
    • Aniztasun kontzeptuaren zeharkakotasuna eta kulturartekotasunaren ikuspuntua Udaleko sail guztiekin lantzeko, eragileei formakuntza ematea aniztasunean.
  • Hizkuntza aniztasuna
    • Komunikazio era guztiak kontenplatzea eta ahalbidetzea: piktogramak, itzultzaileak eta abar.
  • Euskara eta hezkuntza
    • Ikasle etorkinengan euskararen ezagutza indartzea
    • Ikastetxeetan DBHn gauzatzen den Bizikidetza Tailerrak garatzen jarraitzea eta LHko azken mailetan garatzen hastea.
  • Haurrak eta gazteak
    • Bereziki, haurren eta gazteen aukera berdintasuna sustatzea, guztiek gizartean aukera eta eskubide berberak izateko eta ekitatea bermatzeko.
  • Hirugarren adina
    • Hirugarren adinekoengan begirada aktiboa eragiten duten ekintzak sustatu, landu eta garatzea.
  • Espazio berriak sortu eta indartzea
    • Gai zehatzak lantzeko espazioak sortzea, momentu bakoitzean sortzen diren beharrei erantzuteko.
  • Planaren difusio eta dibulgazioa
    • Udalaren eta herritarren artean plana sozializatzeko eta ezagutzeko prozesuak sustatzea.
  • Etxebizitza
    • Auzokako banaketa orekatua bultzatzea, bizilekuari dagokionez.
    • Herriko etxebizitza eta eraikin hutsen identifikazioa egitea.
    • Txaetan bizikidetza sustatu eta estigma negatiboa kentzeko ekintzak bultzatzea.
    • Alokairuak ahalbidetzeko sentsibilizazio-kanpainak egitea.
    • Aterpetxe ereduaren lanketa egitea.
  • Errolda soziala
    • Errolda sozialaren lanketa egitea, eta hura gauzatzeko protokoloa sortu eta zabalkundea egitea.
  • Enplegua
    • Pertsonen errealitate eta gaitasunetara egokitutako formakuntza sustatu eta paraleloki eskualdeko egitasmoekin lantzea.
    • Langabezian eta esklusio arriskuan dauden herritarrei lan-merkatura sarbidea errazteko tresna eta baliabideak eskaintzea, pertsona horiek trebatzea.
  • Genero aniztasuna
    • Feminismoa eta LGTBI+ Sailarekin elkarlanean zehar-lerroak sortzeko ekintzak sustatzea.
  • Elkar ezagutza
    • Elkar ezagutzarako espazioak sortu edo indartzea, eta horien parte hartzea sustatzea herritarren artean.

Bizirik dagoen plana

Lehentasun nagusia begirada aldatzea dela dio Bizikidetza zinegotziak, egunerokoa aniztasunaren betaurrekoetatik ikustea, nolabait. "Hori hala bada, berez etorriko dira hobekuntzak", dio. "Era berean, bizirik dagoen plan bat da eta, ondorioz, aldaketak izan ditzake bidean. Etengabe ebaluatzen joango gara eta beti zabalik egongo da hobekuntzetarako. Guztia egiteko daukagu eta ekarpenak ongi etorriak izango dira".

Gaineratu du horretarako ezinbestekoak izango direla herriko eragileak. "Haiek izan dira honen bultzatzaileak eta guri erantzutea dagokigu", azpimarratu du Giraldok. Era berean, Feminismoa eta LGTBI+ saileko zinegotzi Eva Abuinek eskerrak eman dizkie elkarte eta eragile guztiei, lanketan laguntzeagatik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak