Josu Arteaga: "Ildo beretik doa, baina ez da bigarren zatia"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko ots. 6a, 15:10

Memorias de la mar ciega liburua idatzi du; otsailaren 9an, egubakoitzean, aurkeztuko du Udal Bibliotekak lagunduta, Arrasateko Kulturateko Jokin Zaitegi gelan, 19:00etan; Patxi Irurzun idazlea izango du alboan.

Irakurle amorratua da, eta hala ikusten du bere burua; idazlea baino gehiago irakurzalea dela dio, nahiz eta dagoeneko badituen hark sinatutako bi eleberri. Arrasateko Bibliotekak antolatuta, Memorias de la mar ciega argitaratu berria aurkeztuko du jaioterrian datorren asteko egubakoitzean.

Pozik zaude bigarren liburua eskuetan duzula?

Bai, oso gustura emaitzarekin, baina ondoren dakarren aurkezpen eta bestelako promozio-lanetan ez naiz horren eroso sentitzen; hala ere, liburu baten atzean jende askoren lana dago: itzultzailea, diseinatzailea, zuzentzailea, editorea, zabalpenarekin arduratzen dena.... Beraz, haien guztien lanari balioa emateko esfortzu txiki bat egin behar dudala uste dut.

Orain dela hamahiru urte, Historia universal de los hombres gato arrakastatsua idatzi zenuen; berria haren bidetik doa?

Ez nuke esango haren bigarren zatia denik bete-betean, baina ildo beretik doa. Berria ulertzeko ez da ezinbestekoa aurrekoa irakurrita izatea.

"Istorio batzuk oso gogorrak dira, baina liburuak, oinarrian, mezu baikorra du"

Istorio gordinak kontatu dituzu oraingoan ere.

Bai, istorio batzuk oso gogorrak dira. Euskal Herrian bizi izan ditugun gertaera asko gogora ekarrita: biolentzia, herri txikietan bereziki izan ohi diren bizilagunen arteko tira-birak.... Baina oinarrian, mezu baikorra dagoela uste dut.

Olariz herrian kokatuta dago.

Bai; aurreko liburuan asmatu nuen herria da, herri txiki batek dituen ezaugarri propioekin.

Umore beltza; hala definituko dugu?

[Barre] Umore beltza etxeko marka da.

Maitagarriak besteko gorrotagarriak dira zure pertsonaiak.

Hala da liburu honetako protagonista ere; maitagarria da batzuetan eta pertsona eskasa beste hainbat egoeratan; bizitzan gertatzen den moduan, ezta?  Kontraesanak dituen pertsonaiak gustatzen zaizkit, alde iluna eta gozoa dutenak. Haurtzaroan edo gaztaroan ezagutu nuen landa eremuko pertsonaren batek inspiratuta sortuko nuen, seguruenez. Nik, idazleak, beharrean, hark berba egiten duela dirudi, hark kontatzen du istorioa.

Josu Arteagaren Memorias de la mar ciega liburuaren azala.

Kokatuko gaituzu istorioan?

Istorio nagusi bat kontatzen dut, eta, hori kontatzeko, horren bueltan istorio pila bat agertzen dira, eta, gainera, istorio horiek gezur moduan kontatzen ditut hasieratik. Bukaeran egia handi bat gorpuztuko da; jolas moduko bat da. Asko irakurtzen dut, eta, seguruenez, askotariko eraginak islatuko dira nire idazkeran.

Dagoeneko jaso dituzu irakurle batzuen iritziak; zer diote?

Harrera oso polita ari da izaten; politegia, akaso.

Patxi Irurzun idazle eta zure laguna izango duzu alboan aurkezpenean; eredu duzu Irurzun?

Zalantza barik, idazlea da-eta hura; egunero idazten du, prentsan zein askotariko agerkarietan, haren ogibidea da, eta ez da hori nire kasua. Arreta handia jartzen dut haren idazlanetan, oso barrura sartzen zaizkit.

Zer dio zure bigarren lanari buruz?

Sekulako lore-sortak bota ditu!

Gazteleraz idatzi duzu, baina frantsesez irakurtzeko aukera ere izango da laster, ezta?

Hala da; kasualitate askoren batura izan zen aurreko liburua frantsesera itzultzea; ni horren bila joan barik jaso nuen proposamena, eta, nola ez, baiezkoa eman nion. Harrera oso ona izan zuen, eta bigarrenarekin ere hala egingo dugu. Dagoeneko itzulita dago eta argitaletxera bidaltzeko prest; hortaz, badirudi frantsesezko bertsioa aterako dela.

Non eskuratu daiteke liburua?

Kulturateko aurkezpenean ale batzuk izango dira, Desacorde argitaletxearen atarian ere eros daiteke eta liburu denda askotan ere badago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak