Ordubete pasatxo iraun zuen hitzaldian Taher Alik hainbat xehetasun eman zituen, eta gaur egun Palestinak bizi duen "egoera jasanezinaz" harago, atzera begiratua ere egin zuen. Alik argi dauka zer gertatu beharko zen gatazka konponbidearen bidean jartzeko: "Palestinaren askapenetik etorriko da soluzioa, Jordan ibaitik Mediterraneora, betiere Israelek bahituta dituen 8.000 presoak askatzearekin batera. Horrez gain, ezinbestekoa izango da errefuxiatu guztiak jaioterrira itzultzea, Nazio Batuen Erakundearen erresoluzioak agintzen duen moduan. Hortik aurrera sortu ahalko da Palestinako estatu demokratikoa".
Etorkizunean zer gertatuko den galdetuta, honako hau dio Alik: "Oso zaila da jakitea zer gertatuko den. Oro har, egin diren analisi guztiek porrot egin dute. Argi dagoena da Israel inoiz baino gertuago dagoela porrot egin eta desagertzetik, egoera jasanezina da-eta. Aliatu barik Israelek ez du etorkizunik; aliatuak berriro ari dira bi estatuen elkarbizitza planteatzen baina hori ez da sekula posible izan, eta ez da izango. Israel gainbeheran dago".