Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak Arrasateko Kataide industrialdean dagoen Bidean Heziketa Zentro Okupazionala bisitatu du gaur eguerdian. Alboan izan ditu baita ere Zainketetako eta Gizarte Politikako diputatu Maite Peña eta Bide Azpiegituretako diputatu eta Arrasateko alkate ohi Maria Ubarretxena. Zentroan egiten duten lana ezagutu ahal izan dute, baita bertako erabiltzaileen testigantzak entzun ere.
2017an eta Caritasen ekimenez zabaldu zituen ateak bazterkeria egoeran dauden pertsonei gizarteratzen eta laneratzen laguntzea helburu duen zentroak eta gaur egun Sarea Fundazioaren barruan dago. Momentu honetan Euskal Herrian bertan zein kanpoan jaiotako 25 lagunekin egiten dute lan Bidean-en, eta bailarako gizarte zerbitzuetatik bazterkeria egoeran dauden pertsonak bideratzeko 10 plaza daude adostuta Aldundiarekin duten hitzarmenaren baitan. Hiru langile eta 25 boluntario inguruk diharduten bertan askotariko zerbitzuak eskaintzen.
Lan "ordainezina"
"Maite Peña bai, baina ni ez nengoen bertan egonda eta banuen aurrez aurre ikusteko gogoa" azaldu du bistaren ostean Mendozak, eta baita bertan egiten duten lana goraipatu ere: "Erabiltzaile ia denak etorkinak dira eta lanerako bidean jartzeko dituzten zailtasun guztiak kontuan hartuta, bertako langileek zein boluntarioek sekulako lana egiten dute pertsona horiei behar duten arreta eman, zerbitzua eskaini eta ateak irekitzen laguntzeko. Egiten duten lana ordainezina; gure gizartean etorkinak beharrezkoak ditugun arren zailtasun asko dauzkate eta badaude gipuzkoarrak horiei laguntzen dietenak. Horiei esker ona eta elkarlanean jarraitzeko asmoa adierazi nahi diet".