Gaitu Eguna egingo dute urtarrilaren 26an

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 16a, 15:02

Geikek, Arrasateko euskaltzaleak batzeko eta euskara gehiago zabaltzeko helburua duen taldeak, Gaitu Eguna aurkezteko prentsa agerraldia egin du gaur. Urtarrilaren 26an egingo dute, hain zuzen, Gaitu proiektua herrian ezagutarazteko.

Urtarrilaren 26an, egubakoitza, Gaitu Eguna egingo dute Arrasaten eta Geike taldea osatzen duten erakundeek ekimenean parte hartzeko dei egin diete euskaltzale guztiei.

Gaitu proiektuari dagokionez, hizketaren ezagutza erabiltzen duten teknologietan euskara sustatzeko ekimen nazionala da. "Izan ere, gero eta ohikoagoa da egunero erabiltzen ditugun gailuei (autoa, hozkailua, telebista...) aginduak hitz eginez ematea. Eta, adituen arabera, etorkizun ez oso urrunean, teklatuak desagertu eta soilik ahotsaren bitartez komunikatuko gara gailuekin", azaldu dute Geikeko kideek. "Hartara, teknologia horiek euskaraz jakitea funtsezkoa da, gure hizkuntza teknologiaren esparruan egongo bada. Gure hizkuntza, ordea, txikia da hiztun kopuruari dagokionez, eta hizkuntzen teknologian daukan lekua ez da nahiko genukeena. Gainera, teknologia erabilienak (Siri, Alexa, Bixby...) komertzialak dira, alegia, enpresa multinazionalen esku daude. Ordainpekoak izateaz gain, hizkuntza hegemonikoetan garatuta daude, eta gurea bezalako hizkuntza gutxiagotuak baztertzen dituzte. Gainera, segurtasun arazo handiak dituzte", gaineratu dute.

Egoera horri aurre egiteko asmoz, Common Voice proiektua sortu zuen Mozillak 2017an. Hizketaren ezagutza herritar guztientzat irekia eta irisgarria izatea lortu nahi dute horrekin, eta Librezale elkartea da Euskal Herrian bere sustatzaile nagusia. "Common Voice proiektuak hizketaren ezagutzen esparrua demokratizatu nahi du, eta gurea bezalako hizkuntza gutxiagotu batentzat hainbat abantaila ditu: ahalik eta hizkuntza gehienetan jasotzen ditu ahotsak; datu eta software librea erabiltzen du, edozein enpresa txikik erabil dezakeena bere produktuak garatzeko, eta ahots aniztasuna ere kontuan hartzen du".

Datu-basea handitzea, funtsezkoa

Hala, gaur egun, ia 200 hizkuntza daude Common Voice proiektuan, euskara barne. "Orain, helburua da euskarazko ahotsen datu-base hori handitzea eta oreka bilatzea ahotsen artean. Alegia, aniztasun funtzionala duten pertsonen ahotsak edota emakumezkoenak areagotu nahi dira, gailuei irakasteko".

Egun, euskarazko datu sortan, 604 ordu daude grabatuta, 176.513 esaldi inguru, baina "askoz gehiago" behar dituztela azaldu dute, hizketaren ezagutza "kalitatezkoa" izateko.

Grabazioak, Seber Altuben

Helburu horrekin jarri dute martxan Gaitu kanpaina, eta herritarrei parte hartzeko dei egin diete. Horretarako aukera, batetik, urtarrilaren 26an Seber Altube plazan egongo da –eguraldiak laguntzen ez badu, Kulturaten–. 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara grabazioak egiteko aukera egongo da. "Erronka moduan, ea 1.000 grabazioko ekarpena egitera iristen garen!".

Gogorarazi dute, halaber, norberak bere kabuz ere egin ditzakeela grabazioak, honako urratsak jarraituz:

  1. Sartu https://gaitu.eus/ webgunean
  2. Klikatu "eman zure ahotsa" botoian
  3. Klikatu "hitz egin, grabatu zure ahotsa" esaldiaren ondoko mikrofonoan, eta segi jarraibideak.

20 urtetik gorakoentzat

Nazioarteko ekimena izanik, 20 urte edo gehiago duten herritarrak daude deituta parte hartzera. Bestetik, 30 urtetik gorako emakumeen ahotsak behar dituzte bereziki, "eremu horretan baitago hutsunerik handiena".

Bestalde, esaldiak grabatzen ez ezik, grabatuta daudenak balioztatuz ere egin daiteke ekarpena. "Animatu, eta gaitu teknologia euskaraz. Ikusiko duzuenez, euskara ahotsen ezagutzan bultzatzeko moduaz gain, dibertigarria ere bada", nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak